Zarautzen hasi eta bukatuko da II. Euskal Kosta Krosa

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 9a, 10:00
Iazko Euskal Kosta Krosa lasterketa. (Aritz Mutiozabal)

Irailaren 29an jokatuko da, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago. Aurten, lehen aldiz lerroko patinen proba ere antolatu dute.

Irailaren 29an jokatuko da II. Euskal Kosta Krosa maratoi erdia. Iaz Zumaiatik Zarautzera joan-etorria izan bazen, aurten alderantzizko ibilbidea antolatu dute, Zarautzen hasi eta bukatuz. Malekoitik abiatuko dira parte hartzaileak, 17:00etan, eta 21,097 kilometro osatu beharko dute: Zarautz-Getaria-Zumaia-Getaria-Zarautz ibilbidea, kostako errepidetik (N-634). Aurtengo probaren gidaritza Zarauzko Udalak hartuko du, baina bidelagun izango ditu Urola Kostako Udal Elkartea eta Zumaiako, Aiako, Orioko eta Getariako udalak.

Maratoi erdiaz gain, Euskal Kosta Krosa-Roller lehen proba jokatuko da. Lerrokako patinen probaren irteera 15:45ean izango da Malekoian, Galtxagorri elkartearen paretik. Kasu honetan, rollerren lasterketaren ibilbidea Zarautz eta Getaria artean izango da: Zarautz-Getaria-Zarautz-Getaria-Zarautz.

Bi probetarako izen-emate epea zabalik dago, eta irailaren 26an bukatuko da. Abuztuaren 31 bitartean izena ematen dutenek 20 euro ordaindu beharko dute, eta irailaren 1etik 26a bitartean, berriz, 25 euro. Izena honako helbidean eman daiteke.

Kiroletik haratago doan esperientzia eskaini nahi du Euskal Kosta Krosak, kostaldean biltzen diren bost herrietako eskaintza eginez. Kirola egiteko aitzakian, lagunartean eta familian asteburu ederra pasatzeko aukera zabala eman nahi dute antolatzaileek. Horregatik, Euskal Kosta Krosa ez da kirol proba hutsa; horri lotuta adin eta gustu guztietara egokitutako egitaraua antolatuko da.