Futbolaren festa, ZKEren 75. urteurreneko lehen ekitaldian

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 8a, 20:58
Manu Garciak eta Asier Illarramendik ZKEren 75. urteurreneko plaka jaso dute Luis Azkoagaren eskutik. (Aritz Mutiozabal)

Asti futbol zelaiak gainezka egin du Reala eta Alaves taldeen arteko lagunarteko lehia ikusteko. Norgehiagoka 1-2koarekin bukatu da babazorroen alde.

Denboraldiaurreko lagunarteko partida bat baino gehiago izan da gaur Realak eta Alavesek Asti futbol zelaian jokatu dutena. Zarautz Kirol Elkarteak 75 urte beteko ditu datorren urtean, eta urteurreneko ospakizunei hasiera emateko ekitaldia izan da. Kirolzaleek eta herritarrek ez dute hutsik egin nahi izan, eta kirolgunea txiki geratu da euskal derbia ikusteko: harmaila leporaino beteta, eta zelaia bera ere jendez inguratuta.

19:00etan irten dira bi taldetako jokalariak berdegunera, eta elkar agurtu ondoren, ZKE futbol ataleko lehendakari Luis Azkoagak 75. urteurrena irudikatzen duen plaka bana oparitu die Realeko kapitain Asier Illarramendiri eta Alaveseko kapitain Manu Garciari.

Norgehiagoka 1-2 irabazi du Alavesek. Partida hasi bezain pronto, babazorroak aurretik jarri dira markagailuan, Igor Zubeldiak baloia bere atean sartu ondoren, baina Realak berdintzea lortu du lehen zatia bukatu baino lehen, Luca Sangalliren bitartez. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Borja Bastonek penaltiz egin du gola, eta Arabako taldea aurretik jarri da berriro. Partida bukatzear zela Gipuzkoako taldeak eskura izan du berdinketa, baina Juanmik huts egin du penaltia jaurtitzerakoan, eta, azkenean, Alaves izan da garaile.

Edonola ere, emaitza gutxienekoa izan da gaurkoan, lehen mailako kirol lehia batekin gozatuz ospatzeko eguna izan delako.

Erlazionatuak