Hezetasuna mahats uztaren etsai

Irati Urdalleta Lete / Berria.eus 2018ko abu. 10a, 13:16
Mattin mahatsak irudikatzen (Aritz Mutiozabal).

Hezetasunak sortu duen mildiu onddoaren eraginez uzta %20-%30 inguru jaits daitekeela espero dute euskal ardogile batzuek. Irati Urdalleta Lete kazetariak ondorengo erreportajea landu du Berria egunkarirako. Besteak beste, Talai Berri txakolindegiko Itziar Eizagirrerekin hitz egin du.

Eguzkia eta euri gehiago ez egitea. Hori eskatzen dute Euskal Herriko ardogileek. Izan ere, udaberri eta uda hasiera euritsuak kalte ugari egin die. Mildiu onddoa izan da ondoriorik larriena. Onddo horrek erasandako mahatsondoaren hostoei orban horiak ateratzen dizkie, eta, tratatzen ez bada, hostoetatik mahatsetara ere igarotzen da, eta fruituak usteldu egiten ditu.

Aurtengo mahats uztan hori gerta ez dadin, lanean ari diren euskal ardogileetako bat da Ruben Gaubeka, Bakioko (Bizkaia) Abio txakolindegiaren jabea. Kalkulatu duenez, uztaren %25-%30 inguru galduko du eguraldi hezearengatik. «Loretik fruitura aldatzen ari zenean, zirimiria egin zuen bi astez. Euria egin eta hurrengo egunean, eguzkia atera, eta tenperatura igotzen zen. Onddoa hedatzeko baldintzarik onenak dira horiek». Badaki Bakio ez dela Errioxa edo Nafarroa, baina aurtengoa ezohikoa izan dela dio: «Haize kontra goaz beti, baina aurtengo hezetasuna gehiegizkoa izan da, eta lursailarentzat txarra». Aurrerantzean, eguraldi ona egitea eskatzen du, uzta gehiago honda ez dadin: «Nekazari bati aukeratzen utziz gero, zazpi egunetik behin gauez euria egitea eta egunez eguzkitsu egotea nahiko genuke». Hala ere, badaki Gaubekak eguraldiaren aurka ezin dezaketela ezer egin.

Bakio baino lurralde lehorragoan dago Bastida (Araba). Hala ere, hezetasunarekin arazoak izan dituzte Solaguen upategian, Iñigo Rubio arduradunak onartu duenez: «Uda hasierako ekaitzek eragina izan dute, eta onddoak sortu dira eduki ditugun tenperatura epel eta hezetasun handiarengatik. Izan ere, horiek dira baldintzarik onenak mildiu onddoa hedatzeko», dio Rubiok. Aurrerantzean landareak lehortzeko bero egitea eta euririk ez egitea eskatu du. «Mahastian hezetasun gehiago sartzen bada, usteltzeko arriskua dago».

Getariako txakolinak ekoizpenik handiena duen herrietako batean dago Talai Berri txakolindegia, Zarautzen (Gipuzkoa). Hango jabea da Itziar Eizagirre. Uzta ondo zetorrela dio, baina hezetasunaren ondorioz mildiu garatu zitzaiela haiei ere. «Orain kontrolatuta daukagun arren, kalte dezente egin du. Leku batzuk oso ondo daude, baina erreka ondoan edo hezetasuna pilatzen den lekuetan pixka bat ukituta dago». Hala ere, mahats alea heltzen hasten denean gaitza desagertzen dela azaldu du, eta espero du abuztua igaro ahala mahatsaren osasunak hobera egingo duela.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Berria.eus