Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak eraso sexisten aurkako informazio puntua jarriko du abuztuaren 18an, malekoian, Turismo Bulegoaren azpian. Emagin taldeko kideak izango dira bertan, informazioa herritarrekin partekatzen, 23:00etatik 02:00etara.
"Gure helburua da jaietan eraso sexistak prebenitzeko informazioa banatzea eta, aldi berean, erasoen inguruan hitz egiteko aukera ematea herritarrei", nabarmendu du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek. Bere iritziz, gune bat egotearekin "ikusgarritasuna" ematen zaiola gaiari. Izan ere, "presente egon behar du jaietan emakumenganako indarkeriaren kontrako mezuak".
Informazio puntuaz gain, bigarren ekimen baten berri ere eman du Parekidetasun zinegotziak. Berdintasunaren aldeko mezua zabaltze aldera, paperezko mantel bereziak prestatu dituzte, Myriam Cameros nafarraren ilustrazioarekin eta Uxue Alkorta bertsolari zarauztarraren bertsoarekin, eta herriko tabernetan eta jatetxeetan banantuko dituzte.
"Borrokan jarraitzeko"
Martxoaren 8ko kartel lehiaketako aurtengo irabazlea da, eta Alkorta Motxian bertso eskolako kidea. Ilustratzaileak ezin izan du etorri gaurko aurkezpen ekitaldira, baina bertsolaria bertan izan da, eta sortutako bertsoa abesteaz gain, bertan azaldu nahi izan duena kontatu du. "Garai batean sorginkeria emakume borrokalariekin lotzen zen, eta hori gaur egunera ekarri nahi izan dut bertsoan. Gainera, Myriamek egindako lanarekin bat datorrela iruditzen zait, eta borrokan jarraitzeko gogo hori helarazten duela", adierazi du Alkortak.
Honakoa ez da udaletik ekimen hau martxan jartzen duten lehen aldia, 2012an ere egin baitzuten. Aurten berriro heltzeko borondatea izan dutela azaldu du Vazquezek, eta gustura agertu da mantelen diseinuarekin:"Uste dugu oso polita eta erakargarria gelditu dela. Bizitasuna trasnmititzen du eta mezua positiboa da, oso potentea. Bertsoek berdintasun bidea jarraitzeko gogoa eta indarra kutsatzen dute".
Ostalariak berriro ere ekimen honetan parte hartzera animatu dituzte Parekidetasun sailetik, eta aurki eskutitz bat jasoko dutela honen berri emanez. Ekimen hau urte osora zabaldu nahi dute, eta hasiera batean 5.000 mantel atera dituzte. Eskaeraren arabera, gehiago ateratzeko aukera egon daitekeela jakitera eman dute.