Asti Txikin harmaila bat eraikiko dute

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 13a, 11:21
Xabier Txurruka, Luis Azkoaga, Esteban Collantes eta Iban San Martin. (Zarauzko Udala)

Harmaila estali berriak 90 eserleku izango ditu, eta aurrekontua 218.958,04 eurokoa izango da. Zarauzko IHG arkitektura estudioak egin du proiektua, eta eraikitzeko lanak lehiaketara atera dituzte.

Astiko belar artifizialeko zelaian harmaila berri baten eraikuntza lehiaketara atera du udalak. Egun belar artifizialeko zelaiko jokalarien aulkiak aurkitzen diren tokian egingo dute. Proiektu honek zelaiaren beste aldeko aulkiak berritzea ere aurreikusten du, harmaila berriaren parekoak, alegia.

Harmailak gutxi gorabehera 90 metro koadroko azalera estaliko du. 90 eserleku egingo dira, lurretik jasota, zelaia hobeto ikusteko eta oinarrian geratzen den espazioa gordeleku bezala aprobetxatzeko. Harmailak erdian eskailera bat izango du eta bi alboetan, modu simetrikoan. Bi alboetan ere estalitako espazio bat izango da, mugikortasun arazoak dituztenentzat egokituta.

Proiektu hau IHG arkitektura estudio zarauztarrak egin du. 218.958,04 eurokoa izango da aurrekontua, BEZ barne, eta lanak egiteko epea 12 astekoa izatea aurreikusten da. Xabier Txurruka alkateak adierazi du udal kirol instalakuntzak hobetzeko Udal Gobernutik bideratzen ari diren beste proiektuetako bat dela honakoa.

Iban San Martin Kirol zinegotziak azaldu duenez, "Asti Txiki zelairik erabiliena izan arren, jakin bagenekien ez zuela ikusleentzat inolako babeslekurik. Horregatik, proiektu hau idazteko enkargua egin genuen, Asti kirolgunean hirugarren harmaila estali bat eraikitzeko helburuarekin." Luis Azkoaga Zarautz Kirol Elkarteko futbol saileko presidentea pozik azaldu da proiektuarekin: "Ikusleentzat eta zaleentzat estalitako harmaila bat oso beharrezkoa zen, eta, beraz, ongietorria izango da".