Muguruza-Landa bikotea da Zaporrako txapelduna

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 14a, 11:21
2018ko Zaporraren Oroimenzeko txapelketako irabazleak eta sarituak (Aritz Mutiozabal).

Lehia estua jokatu zuen finaleko partidan, Sancho eta Esnaolaren aurka, eta, azkenean, tanto bakarreko aldearekin gailendu zen.

LIV. Patxi Zaporraren Oroimenezko esku pilota txapelketa bere amaierara iritsi zen atzo arratsaldean. Azken bi partidak jokatu zituzten –lehenik, 3. eta 4. postuak erabakitzekoa, eta, ondoren, finalekoa–, eta jendetza bildu zen Frontoi Txikin ekitaldiarekin gozatzeko. ETa baita gozatu ere. Pilotariek guztia eman zuten, sekulako erakustaldia eskainiz; batez ere, finaleko norgehiagokan.

Lehia estua eta parekatu izan zen Eneko Muguruza-Mikel Landaren eta Xabi Sancho-Eñaut Esnaolaren arteko finala, eta oso borrokatua, tantoaldi luzeekin. Ordubete inguru iraun zuen partidak, eta hainbat momentuta berdinduta joan ziren markagailuan. Azkenean, 22-21koarekin bukatu zen, Muguruza-Landaren alde.

Kontsolazioko finalean, berriz, iazko Zaporrako txapeldun Eneko Maiz-Arkaitz Esnaola bikoteak irabazi zuen. 22-13ko emaitzarekin gailendu zen Enrike Huizi-Oier Gurutzealdearen aurka, eta, modu horretan, hirugarren postua bereganatu zuten.

Behin partidak amaituta, sari banaketa ekitaldia egin zuten Frontoi Txikin bertan, eta ZKEko pilota ataleko kideez gain, ZKEko presidente Esteban Collantes eta udaleko Kirol zinegotzi Iban San Martin aritu ziren oroigarriak ematen. Gainera, txapelketako pilotari onenaren saria egokitu zioten Eneko Muguruzari.

Erlazionatuak