Gaur hasiko da Zarautz Hiria pilota txapelketa

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 15a, 13:10
Zarautz Hiria pilota txapelketako aurkezpena. (Zarauzko Udala)

Lehen finalerdia Azkoitiko pilotalekuan jokatuko dute, eta Olaizola II.a-Imaz eta Irribarria-Rezusta ariko dira lehian.

Esku Pilotako Zarautz Hiria txapelketa hastear da. Gaur arratsaldean jokatuko dute lehen finalerdia Olaizola II.a-Imazek eta Irribarria-Rezustak, baina ez da Zarautzen jokatuko, Azkoitin baizik. Jaialdia 17:00etan hasiko da: hasieran Retegi Bi-Lasa IV.aren eta Elordi-Tolosaren arteko partida izango da, eta, ondoren, aipatu finalerdia.

Bigarren finalerdia ostiralean jokatuko dute, Aritzbatalde pilotalekuan, eta, orduan, elkarren aurka lehiatuko dira Altuna III.a-Zabaleta eta Artola-Albisu. Aurretik, Artola-Ibai Zabalaren eta Peña II.a-Aretxabaletaren arteko norgehiagoka izango da, eta finalerdiaren ondoren, Agirre-Arangurenen eta Ugalde-Merinoren artekoa. Ostiraleko jaialdia ere 17:00etan hasiko da.

Finalerdietako kanporaketan garaile izaten diren bikoteak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak igandeko finalean. Aritzbaltalden izango da, eta 17:00etan Retegi Bi-Erostarbe eta Arteaga III.a-Eskiroz ariko dira jokoan; ondoren, finala jokatuko da; eta, amaitzeko, Gorka-Ladis Galarzaren eta Elordi-Irustaren artekoa izango da.

Sarrerak asegarce.com edo aspepelota.com atarietan erreserbatu daitezke, edo 688 86 88 68 (Asegarce) edo 661 25 90 09 (Aspe) telefono zenbakietara deituta.