XXX. Udako Musikaldiaren barruan, Kalakan eta Duo L'incontroren emanaldia izango da igandean, 20:00etan, parrokian. Bi taldeek osatu berri duten proiektua eskainiko dute Zarautzen: Lamin. Bertan, Telemann, Vivaldi edo Bach autoreen piezak joko dituzte, eta Sagarra jo, Danbotxala edo Berreteretxeren kantoria bezalako euskal abestiak ere entzun ahalko dira.
Duo L'incontro bikotea Francesca Romana harpista italiarrak eta Itziar Lujanbio oboista euskaldunak osatzen dute. Musika klasikotik abiatu eta musika garaikideetatik pasatu ondoren, euskal kantu tradizionalarekin esperientzia bizi nahi izan dute. Beraz, Lamin proiektuan, talde bakoitza bestearen estiloan sartzea izan da ariketa. Honela, euskal kantuari dimentsio berri bat eman diote.