Astillerorentzat izan da IX. ZAEren Ikurriña

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 18a, 14:24
Astillero ZAEren Ikurriña astintzen. (Aritz Mutiozabal)

Zarauzko traineruak bere txanda irabazi du, eta laugarren postuan bukatu du gaurko sailkapenean.

Astillero nagusitu da gaur eguerdian Zarauzko uretan, KAE 1 ligako 13. jardunaldian, eta beretzat izan da IX. Zarautz Arraun Elkartearen Ikurriña, 20:26,19ko denborarekin. Ohorezko txandako traineruek lehia estua izan dute hasieratik bukaerara arte, eta azken luzera arte ez da erabaki Getariak, Lekittarrak edo Astillerok irabaziko zuen. Azkenean, Kantabriako ontzia izan da azkarrena, baina Lekeitiokoak orpoz orpo helmugaratu dira, 70 ehunenekora. Hirugarren izan da Getaria, 12 segundora, hirugarren luzera arte buruan ibili ondoren.

Etxeko taldeak azken boladako emaitza onen bidetik jarraitzen du: Enbata ontzia laugarren izan da sailkapenean, bigarren txandan garaile izan ondoren, eta aurkari zuzena duen Pedreñari 15 segundoko aldera aterata. Zumaiak ere estropada txukuna jokatu du, eta bere txanda irabazteaz gain, bosgarrena izan da sailkapenean. Gaurko emaitzari esker, jaitsiera postuetatik urrundu egin da, zortzigarren postuan kokatuz.

Erlazionatuak