San Juan eta Urdaibai izan dira nagusi Zarauzko estropadetako lehen saioan

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 18a, 20:41
San Juan izan da gaur nagusi emakumezkoetan. (Aritz Mutiozabal)

Bihar, 11:45ean hasiko da bigarren jardunaldia, eta San Juanek Eusko Tren Ligako irabazlearen garaikurra jasoko du estropadak hasi baino lehen.

XI. Zarauzko Ikurriña dago jokoan asteburu honetan emakumezkoetan, eta lehen jardunaldian San Juan izan da garaile, 11:08,26koarekin. Edonola ere, Oriok ez dizkio gauzka erraz utzi, eta uneoro gainean izan du. Azken luzearen bukaeran olatua hartu dute batelerek, eta bi segundoko aldearekin nagusitu dira. Arraun Lagunak eta Hondarribia, berriz, oso atzean geratu dira.

Gizonezkoetan, XLI. Zarauzko Estropadetako bandera erdia beregaratu du Urdaibaik gaur arratsaldean, 19:58,52ko denborarekin. Bigarren sailkatu den Hondarribiari 8 segundo atera dizkio, eta gainerako guztiei 20 segundotik gora. Orio laugarren izan da ohorezko txandan, baina sailkapenean bosgarren geratu da, ia 30 segundora.

Bihar eguerdian jokatuko dute bigarren jardunaldia –Euskotren Ligako aurtengo azken estropada izango da–, eta orduan erabakiko da banderak norentzat izango den. 11:45ean ekingo zaio, eta arraunean hasi aurretik, San Juanek ligako irabazlearen garaikurra jasoko du. Emakumezkoen ondotik, gizonezkoak ariko dira lehian, eta Orio ohorezko txandan izango da beste behin.