San Juanek eta Hondarribiak lortu dituzte Zarauzko banderak

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 19a, 15:30
Hondarribia Zarauzko Estropadetako bandera astintzen. (Eusko Label Liga)

Gizonezkoetan, Urdaibairen errenta irauli du Hondarribiak, baina eguneko denbora onena Oriok egin du. Emakumezkoetan, Pasaiako batelerak izan dira nagusi.

Atzo, X. Zarauzko Ikurriñaren lehen jardunaldian, San Juango batelerengandik 2 segundora geratu zen Orio. Bandera lortzeko lehia irekita uzten zuen horrek, eta itxaropenik bazegoen ere, gaur San Juango ontzia indartsu uretaratu da eta ez du hutsik egin. Hasieratik erakutsi duen nagusitasun berarekin bukatu du Euskotren Liga, gaur 11:14,22ko denbora eginez. Oriotarrak 10 segundora sailkatu dira, bigarren postuan; Arraun Lagun izan da hirugarren, ia 23 segundora, eta laugarren Hondarribia, 39 segundora.

San Juan Zarauzko Ikurriñarekin. (Eusko Label Liga)

Gizonezkoetan, Hondarribiarengandik 8 segundoko aldearekin ekin dio gaur Urdaibaik, baina gaurkoan Hondarribiak egoerari buelta eman dio eta Zarauzko bandera bereganatu du. Edonola ere, Orio izan da Zarauzko Estropadetako bigarren jardunaldiko denborarik onena egin duena; bigarren txandan aritu da lehian, eta aise gailendu dira. 19:51,46ko denboran osatu dute oriotarrek estropada, Hondarribiari 4 segundo atera dizkio eta Urdaibairi 16 segundo. Hala ere, bi egunetako denborak kontuan izanda, hirugarren izan dira.