Kirola eta turismoa uztartuko dituzte Euskal Kosta Krosarekin

Probaren antolatzaileak, aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Bigarren aldiz antolatu dute Euskal Kosta Krosa Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten udalek, elkarlanean. Aurtengoan Zarautzen izango ditu hasiera eta helmuga lasterketak, eta kirol ekimenaz gain, iraileko azken asteburuan "eskualdea bisitatzeko aukera paregabea" izango dela adierazi dute antolatzaileek.

Irailaren 29an izango da II. Euskal Kosta Krosa, eta Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, ekimen hau kirol ekitaldi bat baino zerbait gehiago izango da. “Azken batean, amu baten modukoa da, Urola Kostan ditugun beste hainbat aisialdiko ekintza ezagutarazteko. Aurreko urtekoa txukun atera bazen ere, aurtengoan hobekuntzak egiteko jende asko dabil lanean, eta proiektua urtez urte indarra hartzen joan dadin espero dugu”.

Proba nagusiaren ibilbideari dagokionean, Zarauzko malekoitik aterako dira korrikalariak 17:00etan, handik, Bañeru kaletik igaroz N-634 errepideari heltzeko. Bideari jarraika Zumaiaraino helduko dira, eta bertan, Kanpatik jaitsiko dira, handik ezkerrera Mendaro Mariña kalean sartzeko. Ondoren, berriro ere ezkerretara egin eta Pantxita Etxezarreta kalea hartuko dute, handik, berriro ere N-634 errepidean sartuz Zarautzera heltzeko. Zarautzen, Nafarroa kaletik sartuko dira herrira, eta Mancisidor kalera heltzean, eskuinera biratuko dute, Gipuzkoa Kaletik Kale Nagusiraino heltzeko. Azkenik, Musika Plazako kioskoaren bueltan Zigordia kaletik sartu eta Lege Zaharren Enparantzan izango dute zain helmuga.

Guztira, 21,097 kilometroko luzera izango du lasterketak, eta bost kilometrotik behin, anoa guneak izango dira. Era berean, lasterketa amaitu ostean, korrikalariek dutxak eta aldagelak izango dituzte eskuragarri, Antoniano ikastetxean zein Aritzbatalde udal kiroldegian. Lege Zaharren Enparantzan, helmugaren alboan, masaje zerbitzuak izango dira behar dituzten korrikalarientzat. Azkenik, Zinema Pilotalekuan kontsigna zerbitzua ere egongo da, 15:00etatik 20:00etara. Hiru kategoria ezberdinetan sailkatuko dira korrikalariak: junior mailakoak (16 eta 19 urte bitartekoak), absolutuak (19 urtez gorakoak), eta beternoak (40 urtez gorakoak). Sailkapen orokorraz gain, eskualdeko sailkapena ere izango da, baita herri bakoitzekoa ere.

Kategoria absolutuko lehen sailkatuek txapela eta 1000 euroko saria jasoko dituzte. Bigarren sailkatuei 600 euro eta saria, hirugarrenei 200 euro eta saria, laugarrenei 100 euro eta saria, bostgarrenei 75 euro eta saria eta seigarrenari 50 euro eta saria. Junior eta beterano mailako lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute, baita eskualde mailako lehen hirurek ere.

Gurpil gaineko lasterketa

Maratoi erdiaz gain, aurtengo berrikuntza nagusia roller proba bat izango da. Euskal Kosta Krosaren egun berean, irailaren 29an, izango da, 15:45ean. Honek ere malekoian izango du hasiera, eta guztira 16 kilometroko ibilbidea egin beharko dute parte harzaileek, Zarautz-Getaria-Zarautz itzulia bi aldiz eginez. Proba honen helmuga Nafarroa kalean egongo da, Villa Munda inguruan, Hotel Zarauz pareko biribilgunean bira eman ostean.

Proba honetan ere hiru kategoria izango dira: absolutuak (16 urtetik gorakoak), fitness (16 urtetik gorakoak) eta irristaketa egokitua. Gurpilen neurriak gehienez 90 milimetrokoa izan beharko du, eta sariei dagokienez, sailkapen absolutuan garaileek 400 euro eta garaikurra jasoko dituzte. Bigarrenek 200 euro eta garaikurra, eta hirugarrenek, 100 euro eta garaikurra. Irristaketa egokituko irabazleek ere saria izango dute, baita fitness kategoriako lehen hiru sailkatuek ere.

Bi kirol probetarako izen-emate epea zabalik dago jada www.euskalkostakrosa.eus webgunean. Abuztuaren 31 bitartean inskripzioaren prezioa 20 eurokoa izango da, eta irailaren 1etik 26ra arte, berriz, 25 eurokoa.

Eskaintza turistiko zabala

Ekitaldi hau antolatzearen helburua lasterketatik haratago doala azaldu du Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo zinegotziak. “Zarautzera etortzen diren familiek hemengo ekintzez gozatzeko zerbait izan dezagen nahi dugu”. Horretarako hainbat ekintza izango dira etxeko txikienentzat egunean zehar. Kosta Kros txikia, puzgarriak, tailerrak… Lasterketan izena eman ez baina kirol apur bat egiteko gogoa duenak ere izango du aukera, zunba eta jump fit tailerrak antolatuko baitituzte.

Horrez gain, Zarauzko ostalari elkartearekin elkarlanean, Kosta Kroseko poteoan parte hartzeko aukera izango da egunean zehar. Honen harira, irailaren 29an ostalarien elkarteko jatetxeetan menu bereziak izango dira, prezio onean. Era berean, txarangak eta trikitilariak izango dira, herriko kaleak girotzen.

“Kirolaren inguruan antolatutako ekitaldi bat da, baina bisitariak erakartzea du helburu”. Hala azaldu du Foru Aldundiko Turismo zuzendaritzako teknikari Xabier Elizegik. “Argi ikusi genuen lehengo urtean ere, hau ekitaldi turistiko bat izango zela. Asko baloratzen dugu bertako turismo saila egiten ari den lana”.

Amaitzeko, Jesus Arana jarduneko alkateak Urola Kosta bailararen "aberastasuna" azpimarratu du eta kirolariak proban parte hartzera animatu ditu. “Paisaia ezberdinez baliatuz, horrelako proiektu baten helburua lurralde hau ezagutaraztea da. Etor daitezela kirolariak, parte hartu dezatela eta bizi dezatela esperientzia bakar hau”.