Irudietan: Ezin izan du Anaitasuna garaitu Amenabarrek

Zarauzko Hitza 2018ko abu. 25a, 20:14

Pasa den ostegunean Anaitasuna B taldearen aurka garaipena erdietsi bazuten ere, Asobal mailako taldearen aurka 31-35eko markagailuarekin galdu du Amenabarrek.

Aritzbatalde kiroldegian jokatu dute lagunarteko norgehiagoka 19:00etan. Ostegunean Anaitasuna klubeko bigarren taldearen aurka irabazi bazuten ere, lehen taldearen aurka 31-35 galdu dute zarauztarrek. Amenabarrek hainbat fitxaketa egin ditu aurtengo denboraldirako, tartean, Alberto Agirrezabala. Hain zuzen ere, Mikel Agirrezabala, bere anaia zaharrena, Anaitasuna taldeko jokalaria da. Bi anaiak aurrez aurre izan dira, beraz, gaurko partidan.

Sendo hasi dute partida Hugo Sanchezen mutilek, 4-1eko markagailuarekin. Lehen zatiaren erdialdera arte txukun eutsi diote erritmoari, baina hogeigarren minututik aurrera, zarauztarren ziurgabetasun batzuk direla eta, hainbat kontraeraso jarraian egin dituzte nafarrek, eta ihes egin dute markagailuan. Atsedenaldirako partidua hautsita zegoen, beraz.

Bigarren zatian, orokorrean, talde sendo itxura eman du Amenabarrek. Lehen zatiaren amaierako ezberdintasuna handia izan da eta berreskuratzea kostatu zaien arren, kontraerasoetan asmatzeaz gain, etxekoen atezainak geldiketa garrantzitsuak egin ditu. 30-31ko markagailua izatera iritsi dira, baina, azkenean, nekeak eta aurkarien goi mailako kalitateak gainditu ditu zarauztarrak.