Lanerako prest daude denak

Amaia Urbieta Arruti 2018ko abu. 30a, 16:05
Atzo arratsaldean aurkeztu zituzten zilarrezko mailako bi taldeak. (Amaia Urbieta Arruti)

2018-2019 denboraldia hastear den honetan, entrenamenduetan burubelarri murgilduta dabiltza Amenabar eta Aiala taldeetako jokalariak.

Aurkeztu dituzte aurtengo denboraldian estatuko zilarrezko mailetan lehiatuko duten bi taldeak. Bertan izan dira Denis Itxaso, Gipuzkoako Kirol saileko ahalduna, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia, Iban San Martin Kirol zinegotzia eta Juanan Urdangarin eskubaloi elkarteko lehendakaria.

Itxasok Zarauzko eskubaloiak Gipuzkoako harrobian daukan garrantzia aitortu du. «Guretzat oso garrantzitsua da bakoitzak jakitea kirol formakuntzaren piramidean zein paper daukan, eta Zarautz horren adibide bikaina da». Bidasoaren kasua aipatu du ahaldunak, lortzen dituzten emaitzek «zerikusi zuzena» daukatelako Gipuzkoako gainontzeko herriek egiten duten lanketarekin. Eskubaloiaz gain, kirolean, orokorrean, Zarautzen dagoen errealitatea «aparta» dela ere adierazi du.

Juanan Urdangarinek, berriz, urtero izan ohi duten entrenatzeko leku falta azpimarratu du. «Aurten 35-36 talde izango ditugula aurreikusten dugu. Orioko kiroldegira joaten dira talde batzuk entrenatzera, eta Getariako udalarekin ere harremanetan gaude». Aritzbatalde ondoko kantxa eraikitzeko lanak urrian edo azaroan jarriko direla martxan azaldu du ahaldunak, baina obra "garrantzitsua" denez, urte bat baino gehixeago iraungo dutela. Horrenbeste talderentzat entrenatzaileak topatzea ere ez dela lan erraza izaten azaldu du elkarteko lehendakariak. «Kate batean» oinarritzen da elkartearen funtzionamendua, jokalari askok beste mailetako taldeak entrenatzen dituzte, baita jokalari ohiek ere. Guraso diren jokalari ohi asko beren seme-alaben taldeez arduratzen dira... «Kate hori ez etetea da helburua, bestela, ezinezkoa litzateke hainbeste talderi eustea». Infantil mailan soilik, hamaika talde osatu zituzten aurreko urteko denboraldian, eta aurtengorako antzeko fitxa kopurua espero dute.

Kirol lege berria dela eta, eskubaloi elkartea zutik mantentzen duten bolondresak kolokan jarriko ote diren beldur direla azaldu du lehendakariak, eta arrazoi horrengatik, Aldundia Gipuzkoako kirol egituraren inguruko lanketa egitekotan dela esan du Itxasok. Izan ere, Zarautzen inork ez du dirurik jasotzen eskubaloi elkartean egiten duen lanaren truk. Aurrekontu osoa bidaiak, materiala eta arbitrajeak ordaintzera bideratzen dute. «Kobratzen hasiko bagina ezingo genioke gaur egun daukagun egiturari eutsi».

Aurtengo egutegiari dagokionean, asteburu askotan etxean bi taldeek batera jokatuko dutela azaldu du Urdangarinek. Kasu horietan, bi partiduak ikustera doazen herritarrei sarrera kobratuko diete. Amenabarren partidua soilik dagoenean ere sarrera kobratuko dute, baina Aialak soilik jokatzen badu, ez. «Neskak ohorezko mailara igo zirenean, itxuragatik bada ere, kobratzea erabaki genuen. Zilarrezko mailara jaitsi zirenean, ordea, ahalegindu baginen ere, ez zuen ongi funtzionatu».