Onintza Olaizola: "Beldurrarekin ez, baina errespetu handiz begiratzen genion Kontxako Banderari"

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 3a, 12:06
Pasa den igandeko estropada Donostian. (@sanjuan_koxtape)

San Juanen aritzen da Onintza Olaizola (1994, Zarautz). "Denboraldi ona" egin ondoren, atzo, Kontxako Banderako lehenengo estropada irabazi zuen bateleren traineruak. Datorren igandean izango da bigarren jardunaldia, eta "ilusio handiarekin" egingo diote aurre.

Atzo izan zen Kontxako Banderako lehenengo jardunaldia, eta San Juan traineruak lortu zuen garaipena emakumeen mailan (10:41,66). Atzetik sailkatu zen Riveira (+6), eta Oriok hirugarren egin zuen (+7). Donosti Arraun Lagunak laugarrena izan zen (+13), Hibaika bosgarrena (+19), Donostiarra seigarrena (+25), Kaiku zazpigarrena (+25) eta Tolosaldea zortzigarrena (+34).

Onintza Olaizola zarauztarra aurten hasi da San Juanen. Taldeak oso denboraldi ona egin duela azaldu du: Euskotren Ligan estropada guztiak irabazi dituzte, bat izan ezik. "Dena den, bagenekien Kontxa zetorrela eta ziurgabetasun pixka bat bazegoela, egingo genuenaren inguruan. Orio ere hor zegoen; beti egin dute bigarren, baina azken finean oso juxtu. Beti bigarren, baina beti egon dira hor".

Olaizolaren esanetan, "beldurrarekin ez, baina errespetu handiz begiratzen genion Kontxako Banderari. Bagenekien edozer gerta zitekeela". Ostegunean izan zen sailkapen estropada, eta bertan, galiziarrek San Juanek baino denbora hobea lortu zuten, aldea txikia izan bazen ere. Oriok ere San Juanek baino 4-5 segundu azpitik egin zuen. "Sailkapen estropadan konturatu ginen talde guztiak hortxe geundela, lehia egiteko moduan. Hala ere, guk bagenekien igandera arte hobekuntzarako tarte txiki bat bagenuela".

Honela, asteburua iritsi zen, eta igandean Kontxako lehenengo jardunaldia jokatu zuten. Bertan, San Juan gailendu zen. "Ondo atera zitzaigun. 6 segundu sartu genizkien galiziarrei eta 7 oriotarrei. Errenta txikia da, baina baita esanguratsua ere. Asko laguntzen du datorren igandeko estropadara errenta horrekin ateratzeak".

Beraz, datorren igandean, irailak 9, izango da Kontxako bigarren estropada. "Iganderako ilusio handiarekin gaude, eta baita itxaropenarekin ere. Gauzak orain arte bezala ondo egiten baditugu, ondo joan daitekeela eta Kontxa gurea izan daitekeela badakigu". "Dena den, gauzak gaizki ateratzeko aukera hor dago beti, eta burua hotz izatea ezinbestekoa da.