Euskal Astea 2018

Gutuna: Euskal Jai Eguna eta zaborra

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 5a, 12:35
Iazko Euskal Jai Eguneko irudi bat. (Laura Villagran)

Laura Villagranek honako gutun hau bidali digu Euskal Jai Egunaren harira.

"Aurtengo jaiak modu desberdin batean ospatzea erabaki dugu. Beste urtetan gertatu izan dena ikusiz, Euskal Jai garbiago eta jasangarriago bat nahi dugu. Milaka edalontzi, botila, plastiko zorro eta abar lurrera botatzen dira egun osoan zehar, eta hauen kopuru handi batek hondartzan bukatzen du. Ordu batzuk beranduago marea igo eta eraman egiten ditu. Non bukatzen dute? Batzuk beste herrialde baten hondartzan agertzen dira, eta beste batzuk itsas animaliak irensten dituzte, geroago hondartzetan hilda agertuz. Ez dugu gustoko horrelakorik entzutea, ez animali hauen argazkiak ikustea ere, baina, zer egiten dugu honi aurre egiteko? Ez da zaila, bakoitzak bere aldetik pixka bat jarrita gauza handiak lortu daitezke. Euskal Jaitako erronka, egun osoan zehar edalontzi bakarra erabiltzea eta sortzen den zaborra ontzietara botatzea lurrera beharrean."