75. Hondartzako Futbol Txapelketarako izen-ematea irekiko dute bihar

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 6a, 12:04

Irailaren 7tik irailaren 27ra arte izango da izen-ematea, Zarauzko Kirol Elkartearen bulegoan. Parte hartuko duten talde guztiak irailaren 29an bilduko dira, eta urriaren 7an hasiko da denboraldia.

Urriaren 7an hasiko da 75. Hondartzako Futbol Txapelketako 2018-2019 denboraldia. Bertan parte hartzeko izen-ematea bihar, irailak 7, irekiko da. Inskripzioa Zarauzko Kirol Elkartearen bulegoan (Kale Nagusia 7, 1) egin behar da, irailaren 27a baino lehen. Bulegoa 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara irekitzen dute, ostiraletan izan ezik (08:30etik 14:00etara).

Izena emateko, talde bakoitzak guztira 350 euro ordaindu beharko ditu, eta fidantza 90 eurokoa izango da (kopuru hau izen-ematearen barruan sartzen da). Txapelketa amaitu eta ondorengo 30 egunak baino lehen, fidantzaren diru kopurua itzuliko zaio talde bakoitzari. Bestalde, izen-ematea ezingo dela eskudirutan ordaindu jakinarazi du Zarauzko Kirol Elkarteak. Beraz, honako kontu korrontean sartu beharko da adierazitako diru kopurua: Caja Rural Navarra: ES17 3008 0181 30 3009408216. Ordainketa egin arte, izen-ematea ez da ofiziala izango.

Inskripzioa egitean, talde bakoitzak jokalari guztien fitxak eta delegatuaren fitxa aurkeztu beharko ditu, guztiak bikoiztuta. Bakoitzaren bi argazki eraman beharko dituzte, eta argazki zaharrak edo argi ikusten ez direnak ez dira onartuko. Bakoitzaren N.A.N.aren fotokopia bat eta antolatzaileek emandako orria beteta ere aurkeztu beharko dituzte.

Mutilek osatutako taldeetan, gehienez 20 jokalarik eman dezakete izena, eta gutxieneko kopurua 11 jokalarikoa izango da. Neskek osatutako taldeetan, berriz, gehieneko jokalari kopurua 18koa izango da, eta gutxienekoa, 8koa. Jokalari eta delegatu bakoitzeko bi fitxa egin beharko dira, eta txapelketa hasi baino 48 ordu lehenago aurkeztea beharrezkoa da. Jokalari berri bat edo batzuk sartu ahal izateko, fitxak astebete lehenago aurkeztu beharko dira, Zarauzko Kirol Elkartearen bulegoan.

Denboraldia hasi aurretik, txapelketan parte hartuko duten talde guztien bilera bat izango da. Mutilak 11:00etan bilduko dira, eta neskak, 12:00etan.