Amaitu da hegaluzearen kanpaina, ohikoa baino bi hilabete lehenago

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 6a, 13:12
Hegaluzea portura sartu berria, artxiboko irudian. (Aritz Mutiozabal/Hitza)

15 mila tona hegaluze arrantzatu dituzte aurten euskal arrantzaleek; kuota osoa. Urrian amaitzea da ohikoa, eta lurrean geratzeak ezinegona sortu die arrantzaleei.

Hegaluzearen kanpaina amaitu berritan, balorazio positiboa egin du Emeterio Urresti Getariako Arrantzaleen Kofradiako presidenteak. Espainiar estatuak ezarritako kuota bete dute jada euskal arrantzaleek, 15 mila tona arrantzatuta. Hala ere, itsasoan arraina badagoela uste dute, eta portuan geldirik egon behar izateak ezinegona sortzen die arrantzaleei. Prezioek iazko joerari eutsi diote: 3,80etik 4 euro artean saldu dute arraina lonjan.

«Lau hilabetean arrantzatzen den espezie bat bi hilabetean arrantzatu da», dio. Izan ere, kanpaina urrian amaitzea da ohikoena. Haren hitzetan, eguraldi onak, korronteek eta uraren tenperaturak ahalbidetu dute hegaluzea euskal kostaldera sartzea. Kostatik 80 eta 100 milia artean arrantzatu dute, eta beraz, astero deskargatu dute portuan, multzo txikitan. Ondorioz, kalitatea ezinhobea izan dela dio getariarrak.

Orain merkatuan dagoen hegaluzea irlandarrena eta frantziarrena dela azaldu du: «Merkatu librea da arrainarena, baina zein metodo erabiliz arrantzatu den jakitea funtsezkoa da. Sareak erabiliz arrastrean arrantzatzen dute, eta hori ez dabideragarria ekosistemarentzat.» Horrez gain, sistema hori selektiboa ez dela iruditzen zaio Urrestiri. Espainiar estatuan debekatuta egon arren, baimendua dago salerosketa. «Bidean dagoen guztia harrapatzen du sareak, eta ondoren, behar ez dutena itsasora botatzen dute berriro». Horrez gain, nongo hegaluzea den jakitea garrantzitsua dela ohartarazi die erosleei: «Gurea izango balitz bezala saltzen dute hegaluzea, eta ez da horrela. Kontsumitzaileak jakin behar du zein produktu kontsumitzen duen».

Duela urte batzuk kuota altuagoa izan arren, kopurua jaistea proposatu zuten zientzialariek, espeziea berreskuratzeko. Kuota horrekin jarraitzen dute oraindik ere, baina lauzpabost urteetan kanpaina ona egin dutela iruditzen zaio Getariako Kofradiako presidenteari.

Hegaluzearen stock-a aztertzeko eskatu die Urrestik zientzialariei: «Kontziente izateko eskatu nahi diet. Kuota gehiago behar dugu, stock-a ondo dagoelako. Gaizki badago arrantzaleok hartu behar ditugu neurriak, hortik bizi gara eta». Azken lau urteotan hegaluzearen osasuna ona dela iritzita, 20 mila tonara igotzea neurri aproposa iruditzen zaio Urrestiri. «Kanariarrak, kantabriarrak, galiziarrak, asturiarrak eta euskaldunak sartzen gara kuota horren barruan. Aurten, zorionez, kanariarrek arrantzatu ez dutela azaldu du: «Urtearen hasieran hasten dira, eta asko arrantzatzen badute, gutxiago arrantzatu behar dugu guk». Ez da aurtengo kasua izan, arrain asko sartu delako euskal kostaldera. «Eskerrak, abuzturako geldik geuden bestela», azaldu du Urrestik. Berdelaren eta antxoaren kuotak ere baxuak iruditzen zaizkio, eta hegalaburraren kuotaren %80a arrantzatu dute dagoeneko.

Otsailean hasi ziren berdelarekin, eta antxoa sasoia igaro ondoren heldu zioten hegaluzearenari. Txixarroa eta sardina kanpaina hastear dira. Txitxarroaren kuota «baxua» dela iritzita, euskal arrantzale batzuk Galiziara joan beharko dutela dio Getariako Arrantzaleen Kofradiako presidenteak: «Gure uretan ez dago txitxarrorik». Sardina, aldiz, udazkenean sartzen da; baina azken bizpahiru urtean oso gutxi agertu da. Frantziako uretan arrantzatuko dute, baina ez dute beti zortea izaten. Horren aurrean, kezka agertu du Urrestik: «Sardina ez bada denbora askoan sartzen, otsailera arte geldik egon beharko dute ontziek hemen zer arrantzatu ez dutelako». «Orain ez dute arrantzaleek nora joan, eta ez dakigu nola erreakzionatu. Hau ez da sekula gertatu», dio. Arrantzaleak ez ezik, arrantzaren inguruan lan egiten duen kate guztia du gogoan: «Honek jende asko mugitzen du lanean, kate bat da».