Euskal Astea 2018

Ertzainak txosnagunean sartu eta pankarta bat kendu zuela salatu dute

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 7a, 10:55
Aurten txosnak muntatzeko deitutako auzolana. (Dorleta Agiriano Lai)

Ertzaintzaren bost kotxe txosnagunean sartu, guneari eta bertako aldarriei argazkiak atera eta "Jaiak herritik eta herriarentzat" zioen pankarta bat kendu zutela adierazi dute.

Hona hemen Danda Gazte Asanbladak atzo iluntzean argitaratutako komunikatua:

"Atzo, goizaldeko 03:00 aldera, Ertzaintzaren bost kotxe Arrona Zaharreko txosnagunean sartu ziren. Gune osoari argazkiak ateratzeaz gain (txosnei, bertan dauden aldarri desberdinei...), "Jaiak herritik eta herriarentzat" jartzen zuen pankarta kendu eta eraman zuten.

Jakin badakigu zein zorrotzak eta itogarriak diren gune publikoak aldarriz bete ahal izateko baldintzak, baita festak bere osotasunean antolatzekoak ere. Hala ere, Zarauzko Udalak jarritako exigentziak zehatz mehatz bete eta txosnagunean jarriko genituen pankarta guztietako aldarri guztiak aldez aurretik jakinarazi genituen, eta udalak bere oniritzia eman ostean, aldarriak jartzeko baimena lortu genuen. Beraz, "Jaiak herritik eta herriarentzat" pankarta jartzeko baimena ere lotuta utzi genuen, udalaren prozesu burokratiko guztia betez.

Indar polizialak gaueko ordu txikitan masiboki txosnagunean sartu, bertako aldarriei argazkiak atera eta pankarta bat kentzea, txosnagunearen eta bertan egiten dugun lan guztiaren aurkako eraso gisa ulertzen dugu. Ez dugu onartuko auzolanean herritik eta herriarentzat antolatzen ditugun festen eta hauen ispilu den txosnagunearen aurkako erasorik, ez gure aldarriak kriminalizatzerik. Balioan jarri nahi dugu egiten dugun lana, eta oztopoak oztopo, lanean eta festak herritik eta herriarentzat antolatzen jarraituko dugula ozen diogu.

Gora jai herrikoiak! JAIAK HERRITIK ETA HERRIARENTZAT!".