Euskal Astea 2018

Iñigo Arrillaga: "Lehiaketa antolatzen hasi aurretik ere, orga ateratzen genuen"

Nerea Uranga 2018ko ira. 10a, 18:54
Arrillaga, saria jasotzen udal ordezkarien eskutik (Nerea Uranga)

Garo meta izeneko orgarekin aurtengo Euskal Jai Eguneko Orga Lehiaketa irabazi du Iñigo Arrillagak (Zarautz, 1977). Bi aldiz irabazi du lehiaketa.

Aurreneko urtea al da orga lehiaketan parte hartu duzuna?
Ez, hiru urtetan antolatu dute orga lehiaketa, eta hiruretan parte hartu dut.

Nolatan animatu izan zara orga egitera?
Haurrak txikiak zirenean ere orgarekin irteten genuen Euskal Jai Egunean. Arotz lanean ibilitakoa naiz garai batean, eta lehendik, teilatu koskor batekin orga bat neukan eginda. Gero, lehiaketa antolatzen hasi zirenean, bertara aurkezteko itxurazko orga bat prestatu nuen. Lehen lehiaketan baserriko produktuen inguruko orga bat egin nuen, eta orduan ere lehenengo saria eskuratu nuen. Beraz, aurten bigarrengo aldiz lortu dut sari nagusia.

Garo meta orga noiz hasi zinen prestatzen?
Aurreko urteetan, lehiaketa baino astebete lehenago hasi izan nintzen orga prestatzen. Aurten, ordea, hamabost bat egun lehenago hasi nintzen, garoa bustia zegoen eta lehortzea nahi nuelako. Baina, berez, lehiaketa baino astebete lehenagorako bukatuta neukan.

300 euroko saria eskuratu duzu.
Materiala ordaintzeko-eta ondo etorriko da.

Orga lehiaketan parte hartzeaz gainera, nola igarotzen duzue Euskal Jai Eguna?
Goizean orgarekin bueltatxo bat ematen dugu kalean zehar. Gero, orga lehiaketarako Lege Zaharren enparantzan egoten gara, eta sari banaketaren ostean mokadutxo bat egiten dugu. Arratsaldean, berriz, kalejiran Iñurritzara joaten gara eta orga Iñurritzara eramaten dugu. Gero, han jasotzen dugu.