Ongizate fisikoa eta emozionala lantzeko tailerrak irailetik abendura bitartean

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 11a, 11:39

Parte hartzeko interesa duen pertsona orok irailaren 26a baino lehen eman beharko du izena prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikoan.

2018ko azken hiruhilekoan ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko tailer berriak antolatu ditu Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Prebentzio sailak. Miren Letamendia Osasun eta Prebentzio zinegotziak tailer hauek eskaintzearen helburu nagusia osasunaren sustapena dela azaldu du: "Osasunaz hitz egiten dugunean osasun fisikoari eta emozionalari buruz ari gara. Tailer hauen bidez  zarauztarrei ezagutza, trebetasunak, gaitasunak, baliabideak eta tresnak eskaini nahi dizkiegu ongizaterako eta egoera emozionalak hobetzeko."

Ikastaroa hezkuntza komunitatean lan egiten dutenei zein  ikasketa eta lanketa pertsonala egin nahi dutenei zuzenduta dago. Donna Apellanizek eskainiko du, euskaraz, Zuberoa kalea 22 zenbakian dagoen ikastaro gelan. Saioak ostegunetan egingo dituzte, zehazki, irailaren 27an, urriaren 4,11,18 eta 25ean, azaroaren 8,15, 22 eta 29an, eta abenduaren 13an, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da eta gutxienez 10 pertsona eta gehienez 16 pertsonako taldea osatu beharko da.

Bigarren tailerra Bikoteen banaketa, seme-alabak, emozioak, komunikazioa izenekoa izango da. “Gero eta banantze eta dibortzio gehiago gertatzen dira gure inguruan. Kasu bakoitza desberdina bada ere, prozesua orokorrean zaila izaten da, eta mingarria, bai helduentzat baita umeentzat ere. Egoera horrek estresa eta sufrimendua dakarte familiako kide guztiei eta, hori kontuan hartuta, tailer hau antolatu dugu, egoera honi aurre egiteko gakoak eskaintzeko”, azaldu du Letamendiak.

Tailer honetako irakaslea Mireia Centeno psikologoa izango da eta euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko da. Bi taldeak urrian elkartuko dira, asteartero, Zuberoa kalea 22 zenbakiko ikastaro gelan (zehazki, urriaren 9, 16, 23 eta 30ean ospatuko dira tailer honetako saioak). Euskarazko saioak 17:00etatik 18:30etara izango dira eta, gaztelerazko saioak, aldiz, 18:30etik 20:00etara. Kasu honetan ere, gutxienez 10 pertsona eta gehienez 16 pertsonako taldea osatu beharko da ikastaroa aurrera ateratzeko eta matrikularen prezioa 15 eurokoa izango da.

Parte hartzeko interesa duen pertsona orok irailaren 26a baino lehen egin beharko du, e-posta bidez, prebentzioa@zarautz.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Plazak mugatuak direnez, zozketa egingo da izena eman dutenen artean eta Zarautzen bizi diren pertsonek lehentasuna izango dute. Era berean, ikastaroa egiteko gutxieneko pertsona kopuru bat egon beharko du izena emanda, eta, hala ez balitz, ikastaroa bertan behera geldituko litzateke. Informazio gehiago www.prebentzioa.wordpress.com web orrialdean eskuratu daiteke edo 943005127 telefono zenbakira deituta.