Euskal Astea 2018

«Jendeari asko gustatu zaio ‘40 sinfonia’ antzezlana»

Nerea Uranga 2018ko ira. 11a, 13:41
Alprojaren 40 sinfonia obrako une bat. (Nerea Uranga)

Aritzbatalde kiroldegiko harmailak goraino beteta antzeztu du Alproja antzerki taldeak 40 sinfonia obra. Ikus-entzuleak oso gustura gelditu direla dio Alprojako Beñat Intxauspek: «Lan bikaina izan dela esan digute».

Igandean, 11:00 alderako Alproja antzerki taldearen 40 sinfonia lana ikusteko jende ilara luzea zegoen osatuta Aritzbatalde kiroldegiaren atarian. Igandeko eguraldiaren iragarpenak kontuan hartuta, Munoan beharrean, Aritzbatalde kiroldegian egitea erabaki zuten antzerkia. «Gero, igandean egin zuen eguraldi ona ikusita, pena izan zen leku aldaketa. Guk Munoan egitea nahi genuen, baina eguraldi iragarpenak ez ziren onak eta arriskua zegoen», azaldu du Beñat Intxauspe Alprojako kideak.

Mila pertsona sartu ziren antzezlana ikustera, eta ehun lagun inguru gelditu ziren Aritzbatalde kanpoan, toki faltagatik. Horiengatik sentitzen dutela esan du Alprojakoak. Musika, antzerkia, kantua, galtxagorrien eztabaidak... uztartu zituen 40 sinfonia lanak. Emozio asko ere astindu zuen ikus-entzuleen artean: barrea, tristezia, negargura... Hasi bezala bukatu zuten igandeko obra Alprojakoek: antzezlanean parte hartu zuten 80 lagunak kalejiran sartu ziren Aritzbataldera, eta 40 urteotan antzerki taldean parte hartu duten hainbat lagun batuta, kalejiran bukatu zuten emanaldia.

Gertukoa izan da aurtengo lana; musikaren letretan eta esketxetan Zarauzko hainbat eta hainbat kontu ekarri zituen gogora Alprojak. «Jendeak hainbat esaera eta gertaera identifikatu egin zituen, eta hor gertutasun bat sentitu zuen publikoak. Une gogor batzuk izan zituen antzezlanak, baina umorea ere eduki zuen, beti bezala».
Alprojakoak ikus-entzuleengandik jasotako erantzunarekin oso gustura gelditu dira, hala azaldu du Intxauspek: «Jendeari asko gustatu zaio obra. Bukaeran, jende askok zoriondu gintuen eta lan bikaina izan dela esan. Aurtengoa, arina eta desberdina izan dela adierazi digute».


Esperimentatzen jarraituz

Alproja «indartsu» dagoela esan du Intxauspek, «guk taldea mantenduko dugu, eta datorren urtean beste hainbeste egiteko prest gaude. Alprojan nahi duen guztiarentzako dago tokia, eta guk bitartean esperimentatzen jarraituko dugu».

Erlazionatuak