Denboraldi bikaina egin duzue San Juango batelerek. Euskotren Ligako estropada guztiak irabazi dituzue, bat izan ezik, eta Kontxako Bandera eskuratu berri duzue, bosgarren aldiz jarraian.
Onintza Olaizola: Denboraldia hasi zenean, ez genuen espero hain denboraldi ona egiterik. Helburua aurreko urteko maila altua mantentzea zela esango nuke, eta ez erortzea. Taldekide batzuk joan egin ziren, eta juxtu samar gelditu zen taldea. Berri batzuk hasi ginen, baina ez ginen gehiegi, eta larri genbiltzan jende aldetik. Batzuei zaila egingo zaie sinestea, baina patroien batek arraunean ere aritu behar izan zuen arraunlari falta zela eta.
Gero, azkenean, denboraldi borobila egitea lortu dugu. Taldea oso indartsu egon da. Hasierako egoera gogorrak asko batu gintuen. Azken finean, San Juan talde irabazle bat da, eta egoera latza zela antzematean, egoerari aurre egin behar geniola ohartu ginen, argi baikenuen bestela ez genuela maila altuari eustea lortuko. Azkenean, ez mantendu bakarrik; gora egin dugulakoan nago.
Izaro Lestayo: Ni aurreko urtetik nago taldean, eta uste dut azkenean iaztik hona blokea mantentzea lortu dugula, batzuek taldea utzi arren. Jende gehiago batu da, eta oso ondo egokitu dira taldean. Are gehiago batu gara. Denboraldiari dagokionez, esango nuke neguko lanari esker atera dugula aurrera. Neguan lan hori egin ez bagenu, gero udan ez litzateke banderarik edo garaipenik etorriko.
O.O: Arraunean aritzean, denbora asko pasatzen dugu taldearekin, taldekideekin. Bakoitzak bere zailtasunak ditu, eta bakoitzak bere errealitatea du arraunetik kanpo. Gainera, arrauna oraindik ez da kirol profesional bat, eta are gutxiago emakumeon kasuan. Orduan, honi guztiari aurre egiteko, ondokoaren babesa bilatzen duzu, eta gure taldean, babes horrek oso ondo funtzionatu du. Familia handi bat gara, eta honek asko laguntzen du gero arraunean aritzerako orduan. Oztopoen aurrean, bi aukera daude; etsitzea edo oraindik eta indartsuago aurrera egitea, eta guk bigarren bideari heldu diogu, elkarrekin. Gakoa hori izan dela uste dut.
San Juanen aritu aurretik ere arraunean ibilitakoak zarete biak.
I.L: Ni Getaria-Zarautzen hasi nintzen traineruan. Bi urte egin genituen hor, eta oso gustora. Gero, taldea desegin zen, eta San Juanen hasteko aukera eman zidaten. Hasieran beldurtuta joan nintzen. Izan ere, banekien ordura artekoarekin alderatuta oso desberdina izango zela. San Juanen hastean, exijentzia aldetik hasieratik igerri nuen aldea. Hankak lurrean izaten eta exijentzia maila altuari erantzuten saiatu nintzen, eta gogor lan egiten. Dena den, urtebete eta gero taldean jarraitzea erabaki banuen, horrela gustora nengoelako izan zen.
O.O: Ni Zarautzen hasi nintzen arraunean, batxilergoan nengoenean. Ontzi txikietan hasi nintzen, ez baitzegoen besterik. Gero, nirekin hasi ziren kideek arrauna utzi zuten, eta Zarautzen beste aukerarik ez zegoenez, Oriora joan nintzen, inor ezagutzen ez nuen arren. Egia esan nire inguruan, Zarautzen, ez dago arraunari lotutako tradizio edo kultura handiegirik, baina Oriora joatean, harrituta gelditu nintzen. Beste mundu bat zen.
Han bost urte egin nituen, eta tartean, urtebetez Zarautzera itzuli nintzen, Zarautz-Tolosa taldea atera zenean. Desegin zenean, Orion hasi nintzen berriz. Han urtebete gehiago egin nuen, gero bi urtez utzi nuen, eta aurten hasi naiz San Juanen. Lagun baten bitartez izan zen, Sarai. San Juanen jendea falta zela esan zidan, eta ea animatuko nintzatekeen. Aukera ona iruditu zitzaidan.
Zein da eskualdeko egoera emakumeen arraunari dagokionez?
O.O: Badirudi alderantzizko tendentzia bat jarraitzen duela gure eskualdeak. Izan ere, emakumeen arrauna gora ari da egiten, baina gure eskualdean kontrakoa gertatzen da. Taldeak gutxitu dira. Lehen garai baten, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian zeuden taldeak, eta orain, Orion bakarrik.
Emakumeen arraunak zikloka funtzionatzen du, eta ziklo bat amaitzen denean, esan nahi du emakume askok arrauna utzi dutela. Jarraitzeko gogoa dutenek nola hala egin behar izaten dute aurrera, aukerak bilatzen dituzte, eta horrela sakabanatzen dira leku desberdinetako taldeetan, gure kasuan bezala. Ikusiko dugu hurrengo urtean zer gertatzen den.
I.L: Emakumeen arraunean etapak egoten dira. San Juanek bost urteko ziklo bat izan du eta ez dakigu orain bere horretan jarraituko duen. Baina momentu bat iristen da, non ez duen pertsona bakarrak uzten, baizik eta orokorrean taldeak uztea erabakitzen duen, arrazoi desberdinak medio. Arraunak denbora eta konpromezu handia eskatzen ditu. Lehen egoera are latzagoa zen emakumeen arraunean, ez zegoen hain indartuta, eta normala zen jendeak pixkanaka uztea.
Hala ere, uste dut gaur egun, pixkanaka, kontrakoa ari garela lortzen. Badirudi gero eta jende gehiagok daukala arraunean aritzeko gogoa, niri jende askok esan dit hastea gustatuko litzaiokeela. Interes handia piztu da.
O.O: Emakumeen arraunaren kasuan, nik uste dut kulturak ere garrantzia handia duela. Norbaitek arrauna uzten duenean, ez da erabaki pertsonal bat soilik, ez da Onintzak edo Izarok soilik hartzen duten erabaki bat. Atzetik gauza asko daude. Gizonezkoen talde baten kasuan, kideek taldea desegitea erabakitzen badute, seguruenik irtenbideren bat bilatuko luke klubak.
Nik ez dut irudikatzen Getariako edo Zarauzko gizonezkoek talderik ateratzen ez duten urte bat, nonbaitetik aterako lukete jendea. Baina emakumeen kasuan, taldekideek aurrera ez egitea erabakitzen badute, lehentasuna ez da ontzi hori bai edo bai ateratzea izaten. Errazago uzten da egoera bere horretan, esku hartu gabe.
Harrobiaren kontua ere hor dago. Gorabehera handiak egoten dira, eta batzuetan ez dago inoren esku taldean erreleboa har dezaketen arraunlariak egotea edo ez egotea. Emakumeen kasuan ere, arraunean aritzeko ohiturarik ez dagoenez, are zailagoa da talde bati jarraikortasuna emango dion harrobi bat izatea, eta talde baten arraunlariek uztea erabakitzen badute atzetik beste arraunlari batzuk izango direla ziurtatzea. Honek guztiak asko baldintzatzen ditu zikloak, eta beraz, funtsezkoa izango litzateke emakumeak arraunean aritzea normalizatzea.
Emakumeen Traineruen Elkartea sortu dute aurten 14 arraun klubek, eta Euskotren Ligaz gain, bigarren mailako liga bat izango da.
I.L: Aspaldi konturatu ginen emakumeen arraunak bultzada bat behar zuela. Talde batzuk mugitzen hasi ziren, beste talde batzuekin hitz egin zuten, eta elkarte bat sortzeko beharra identifikatu zuten. Urtean zehar bilerak egin ziren, eta azkenean elkartea eratu zen. Guztien onarpena izan du sortu berri den bigarren mailako ligak, izan ere, beharrezkoa zela ikusten genuen. Lau talde onenak Euskotren Ligan sartzen dira, baina beste ligarik ez badago, Euskotren Ligan sartzen diren eta sartzen ez direnen arteko aldea asko handitzen da. Bigarren mailako liga bat egonez gero, hor egongo diren taldeek ere lehiatu ahal izatea lortzen da, aldea hain handia izan ez dadin.
O.O: Sortu behar zuen zerbait zen. Gero eta emakume arraunlari gehiago ginen, gero eta talde gehiago, baina telebistan lau talderentzat soilik zegoen lekua; Euskotren Ligan sartzen ziren lau taldeentzat. Beste talde guztiak itzalpean gelditzen ziren. Emakumeen arrauna berez ez bada ikusgarria, Euskotren Ligan sartzen ez zirenen kasuan, are gutxiago. Beraz, bigarren mailako liga berriak jauzi ohol funtzioa ere bete dezake Euskotrenen sartzen ez diren talde guztientzat, eta emakumeen arrauna duinago bihur dezake.
San Juanek bost aldiz segidan irabazi du Kontxako bandera. Onintza, zure kasuan garaipen hau lortzen duzun lehenengo aldia da, eta Izaro, bigarren aldia da zuretzat.
I.L: Iaz izan zen nire lehenengo Kontxa, baina aurtengoarekin alderatuta, desberdina izan zen. Iaz kanpotik bizitzea suertatu zitzaidan, baina aurten, arrazoi desberdinak medio, lehenengo ostegunean eta lehenengo igandean jokatzeko aukera izan nuen. Bigarrengoan ez jokatu arren, uste dut aurtengo Kontxak nire bizitza markatuko duela.
O.O: Nire kasuan bai, Kontxa irabazten dudan lehenengo aldia da. Lehenago bertan jokatu izan dut, baina aurten irabazi dut lehenengo aldiz. Aurten, Kontxako hiru estropadetan jokatzeko aukera izan dut. Ez nuen espero, aurten hasi bainaiz taldean. Egia esan, Kontxako Bandera honetan, nire erronka pertsonala jokatzea zen, irabaztea baino gehiago. Konfidantza osoa nuen nire taldean, banekien talde honek irabazteko aukera handia zuela, eta are gehiago egin dugun denboraldia ikusita. Baina nire erronka jokatzea zen, eta lortu dut. Beraz, niretzat Kontxa hau oso berezia izan da, eta baita talde osoarentzat ere. Urte gogorra izan da.
Zein aurreikuspen dituzue datorren denboraldirako?
I.L: Niri pena emango lidake talde hau desegin eta guztia horrela bukatzeak. Oraindik ez dakigu zer gertatuko den; guztiok jarraituko dugun edo ez, edo guztiok joango garen edo ez. Lehendabizi gure artean hitz egin beharra daukagu, ea posible den guztion artean hurrengo urteari begirako proiektu bat osatzea. Erronka aurtengo mailari eustea izango litzatekeela uste dut.
O.O: Nik uste dut gure taldean maila oso altua dela, baina taldea osatzen dugun pertsona bakoitzari esker; arraunlari bakoitzari esker. Badakigu talde gisa ze maila dugun eta ze exijentzirekin egiten dugun lan, eta honela, taldeak berak gutako bakoitzari eskatzen diona ere hori da. Aurten, gure behar batzuk ez dira asetuak izan, eta gaizkiulertuak izan ditugu klubarekin. Esango nuke guztiok ez gaudela fase berdinean. Desberdintasun horiei aurre egin eta batzea lortzen badugu, taldeak jarraituko duela uste dut. Hori posible ez bada, taldeak ziklo berri bati ekingo dio.