zarauzkohitza.eus

Iritzia: 'Puntuka': 'Armak eta harriak'

Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' 2018-09-13 10:21   gizartea

Bada Ferrolen Itsasontzigintzako museo berri dotore bat: Exponav, Museo de la Construcción Naval. Museo horretan jasota daude Santa Maria Magdalena fragataren brankaren bularra eta itsasontziaren beste hainbat ontzi-hondakin: brankaren korasta, karel zati bat eta abar.

Bada Ferrolen Itsasontzigintzako museo berri dotore bat: Exponav, Museo de la Construcción Naval. Museo horretan jasota daude Santa Maria Magdalena fragataren brankaren bularra eta itsasontziaren beste hainbat ontzi-hondakin: brankaren korasta, karel zati bat eta abar. Ferroleko Esteiro ontzioletan egina omen zen fragata hori eta Águila deitzen zioten marinelek, azkarra zelako eta olatuen artean hegan antzera zebilelako. Hala ere, 1810. urteko Arimen Egunean (azaroaren 2a) Viveiroko itsasadarrean hondoratu zen, Covas hondartza begi-bistan zutela.

Ia bostehun pertsona ziren ontzi barruan eta haietatik zortzi iritsi ziren hondartza-ertzera eta hiru bakarrik bizirik geratu hurrengo egunetan. Fragatarekin batera Palomo bergantina hondoratu zen. Guztira, 550 ito ziren Arimen Eguneko ekaitz harekin, eta itotakoen artean zeuden Blas de Salcedo fragatako komandantea eta espedizioko buruzagia zen Joaquin Zarauz ontzi-kapitaina.

Zer egiten zuten itsasontzi haiek Viveron 1810. urteko Arimen Egunean? Eta zer egiten zuen Joaquin Zarauz batek haien buruzagi? Jakin-mina. Iker dezagun.

Santa Maria Magdalena
1773. urtean amaitu zuten eta berehala hasi zen hango eta hemengo itsasoak zeharkatzen; Ozeano Barean ibili zen, baita penintsulako kostetako nabigazio-mapak eginez ere, Afrikako kostetan, Balear uharteetan, Ameriketan (Ipar eta Hego) eta gerrako borroketan jardun zuen (bazituen 38 kanoi) hala nola korso-lanetan (baimendutako itsas-lapurretan esan nahi da) edota ospitale-ontzi gisa Martinika uhartean. Zorigaiztoko azken ekitaldia A Coruñan hasi zuen 1810eko urriaren 14ean.

Kontu izan Independentzia Gerra (1808-1814) bizi-bizian zegoela eta, ingelesen laguntzarekin, frantsesen aurka ari zela su eta gar Cadizeko Consejo de Regencia. Consejoaren aginduetara A Coruñan espedizio handi bat (Expedición Cántabra) antolatu zuten, eta Santa Maria Magdalena fragata zen ontzi nagusia. Espedizioaren asmoak hauek ziren: Gijongo portuari eraso azkarra egin, eta frantsesak hara hurbildutakoan, benetako helburuetara jo, garai hartan Bizkaiko golkoan garrantzitsu ziren bi portutara: Santoñara eta Getariara. Kantabria aldera iritsi zirenerako ipar-mendebaleko denborale gogorra zen, eta itsas zabalera jo zuten ekaitzari ihes egiteko; gero,
hornitzeko eta berriz ere borrokara abiatzeko, Viveirora joatea erabaki zuten. Joaquin Zarauz zen espedizioaren burua, Laredoko Casa Zarauz etxe noblekoa.

Ba ote zuen Joaquin honek zerikusirik gure herriarekin?

Begira dezagun geure inguruan. 1970. urtean Zarauzko Udalak erabaki zuen balea bat jartzea bere armarrian, itsasoko olatuen gainean (ez hori bururatu zitzaielako, 1455eko armarrian halaxe agertzen zelako baino). Hala eta guztiz, lehengo (1910eko) armarri zaharraren oroimena ez da erabat ezabatu, eta nahikoa da udaletxeko atean jarri eta eskuineko etxeari begiratzea. Han ikusiko duzu itsasoko olatuen gainean ez dagoela balea, bihotz-formako hiru irudi baizik. Ez dira hiru bihotz, asun-hostoak dira, Zarauz sortetxeko asunak. Zenbaitetan legenda bat ere izan ohi dute: ez icutu, ez uquitu, ez icutu ezpaere erreco zaitu, beguiratu ta ez icutu… adieraziz armarria horien ohoreak debekatzen duela haiek ukitzea, bestela erreko duela ukitzen duena.

Joaquin Zarauz ontzi-kapitainaren jaiotetxeak oraindik ere zutik dirau Laredon. Etxaurreko armarri dotore eta barrokoan ageri dira Zarauz etxekoen hiru asun-hostoak, goiko argazkian ikus daitekeen moduan; beraz, pentsa genezake on Joaquin horren arbasoak Zarauzko Zarauz sortetxekoak zirela.

Gorago aipatutako Blas de Salcedo jaunari buruz ere badut istorio polita kontatzeko, tragikoa eta kondairaduna, baina hori beste baterako utzi beharko…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa