Igandean ospatuko dute mahats biltzearen festa

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 13a, 09:57
Julen Olazabal, Ruth Mozo eta Ixidor LarraƱaga mahats biltze egunaren aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Hainbat ekintza izango dira egun guztian zehar, tartean, Talai Berri txakolindegira bisita gidatua, kalejira, haurrentzako tailerrak etab.

Igandean ospatuko dute aurtengo mahats biltze eguna. Aurtengo uzta oraindik jasotzen hasi ez badira ere, Lege Zaharren Enparantzan jatorrizko izendapenezko Getariako Txakolina dastatzeko aukera izango da aurtengoan ere. Onartu berri den turismo plan estrategikoak familiei bideratutako ekintzak sustatzeko apustuaren alde egiten du, beraz, mahats biltze egunean ere haurrentzako hainbat ekintza prestatu dituzte.

Eguerdian toldotxo pintxoak eskuragarri egongo dira herriko zenbait tabernatan: Euromar, Euskalduna, Itxas-Lur, Joe, Karlos Argiñano eta Txiki Polit. Eguerdian bi haurrek mahatsa zapalduz muztioa egingo dute eta txakolin dantza egingo dute. Horrez gain, Sebastian Lizaso eta Aitor Sarriegi bertsolariek girotuko dute Lege Zaharren Enparantza.

Ondoren, txakolina eta hegaluzea dastatzeko aukera egongo da. Txakolin kopa eta bost txakolin erosi ahalko dira sei eurotan. Parrillan egindako Eusko Label hegaluzea, berriz, bi eurotan.  Era berean, zenbait jatetxek txakolina protagonista izango den menu berezia prestatuko dute egun horretarako: Itxas-Lur, Karlos Argiñano, Kirkilla, Santa Barbara eta Txiki Polit. Julen Olazabal Zurekin elkarteko kideak azaldu duenez, zendu berri den Igor Azpitarte elkartearen sortzaileari omenaldia egingo diote igandean.

Mahats biltzea, hasi gabe

Aurtengo mahats uztari dagokionez, Ruth Mozo Getariako Txakolinaren idazkari nagusiak adierazi du aurtengo urtea arraroa izan dela mahastientzat. "Normalean mahats bilketa irailaren hirugarren astean hasten da, baina aurten oraindik ez da inor hasi". Mahats ona espero dela esan du, baina iaz baino %20-%30 gutxiago, baldintza metereologikoengatik gehienbat.

Azken uneko arazorik izan ezean, 19 upategitako txakolina dastatzeko aukera izango da igandean, Lege Zaharren Enparantzan.

Egitaraua

10:00. Bisita gidatua Talaiberri txakolindegira.
11:00. Kalejira txistulariekin.
11:30. Sormen tailerra umeentzat, udaletxe aurrean.
Eguerdian. Txakolin-pintxo herriko hainbat tabernatan.
12:00. Ekitaldi nagusia: mahatsa prentsatuko da; 2018ko uztako lehen muztioarekin topa egingo da; Jalgi dantza taldeak Txakolin Dantza dantzatuko du otxote baten laguntzarekin; eta Sebastian Lizasok eta Aitor Sarriegi bertsolariek abestuko dute.
Jarraian. Txistulariak eta dantzariak kaleetan zehar.
12:30. Txakolin dastaketa.