Gipuzkoako hondartzetan ekainean, uztailean eta abuztuan izandako gertakari eta erreskateen berri eman du Gurutze Gorriak. Guztira, 3.616 osasun laguntza eman eta 212 erreskate egin direla jakinarazi du. Orokorrean, osasun laguntza eta erreskate kopurua jaitsi egin da; hala ere, osasun zentroetara eramandako pertsonen kopurua igo egin da. 200 izan dira aurten, iaz baino 18 gehiago.
Artatu diren osasun laguntza gehienak zauri eta mozketen ondorioz izan dira (1.686), ondoren, xabiroi ziztadak (568) eta intsektu ziztadak (280), eta gero, kontusioak (255). 212 erreskate izan dira guztira, aurreko urtean baino 116 gutxiago, eta 200 pertsona eraman dira osasun zentroetara. Hildako bat egon zen abuztuan. Zarauzko hondartzan egin dira erreskate gehien (96); eta gero, Zumaiako Itzurun hondartzan (38) eta Zurriolan (24).
Zarautzen, 714 osasun laguntza eman dituzte sorosleek, eta 96 erreskate egin dituzte, lehen aipatu bezala. Osasun laguntza gehienak intsektu ziztadengatik (98), kontusioengatik (72) eta xabiroi ziztadengatik (54) izan dira.