Maria Jesus Balbas: "Menopausia okerren bizi dugunak europarrak gara"

Argia 2018ko ira. 13a, 13:49
Menopausia duen emakume ahul, triste, antzu eta gaixoaren irudiaren aurka egiteko tresnak eskaintzen ditu Balbasek. (Ane Labaka Mayoz)

Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua, esperientzia handiko homeopata eta ginekologoa da Maria Jesus Balbas. Zarautzen dauka kontsulta, eta Ane Labaka Mayozek eginiko elkarrizketa argitaratu dute Argian.

Zer da menopausia? Definitzeko zaila izan daiteke agian…

Definizio erraza dauka. Menopausiak data jakin bati egiten dio erreferentzia, azken hilekoarenari. Menalgia lehen hilekoa bada, menopausia azkenekoa da. Emakumearen bizitzako garai fisiologikoa da, ugalkortasun aroaren bukaera zedarritzen du, besterik gabe.

Zaila dena da garai honen inguruan egin den eraikuntza. Gizarte honetan emakumearen bizitzan gertatzen den guztia estigmatizatu eta ikusezin bilakatzen da. Helburua emakumea desboteretzea da, denerako medikuen laguntza behar duela sentitu dezan: hilekorako, haurdunaldirako, erditzeko, erditze osterako, edoskitzeko edo ez edoskitzeko, eta azkenik, menopausiarako. Medikalizazio hori industria farmazeutikoarentzat onura baino ez da eta beldurraren bidez lortzen da.

Erdi Aroan Eliza baliatzen zen eta gaur egun zientziaren izenean egiten da. Mehatxu honi aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu genero ikuspegia izatea.

Zure lehen liburuaren izenburuan “Neskak, hau bukatu da” diozu, zer da zehazki bukatu dena?

Gauza dezente. Ugalkortasuna bukatzen da eta emakumeen gehiengoari zoragarria iruditzen zaio, ez baitut uste emakume asko egongo denik adin batetik aurrera haurdun dagoela jakinda pozez saltoka hasiko litzatekeenik.

Hala ere, badago dolu bat eta ezin dugu ukatu. Dolua emakumeengan soilik ematen da, gainerako ugaztun guztiek hil arte erditu baitezakete. Berezitasun honek galdera asko sortu izan ditu, emakumeak ia bizi erdia pasa baitezake ugalkorra izan gabe. Hipotesi ugari daude eta azkenaldian “amonaren hipotesia” da nagusi; badirudi emakumeek hilekoa eteten dutela biloben hazkuntzan lagundu ahal izateko.

‘Lagundu’ aditza azpimarratu nahi nuke. Gaur egun normaltzat hartzen da amona biloben kargu egitea, baina argi dago gure gizarte ereduaren isla dela. Norvegian, Alemanian eta beste zenbait herrialdetan, esaterako, bi urteko amatasun-baimenak daudenez, kontua oso bestelakoa da.

Beste gai bat ere badago: garai horretan emakumeak arreta bere buruarengan jarri dezake. Bizitzan lehen aldiz agian, sentitu dezake ez daukala bere arretaren %99a eskaini behar dion inor.

Menopausia bizitzeko moduan testuinguru sozio-kulturalak eragin zuzena daukala dirudi.

Bai, hilekoaren antropologiari erreparatuz, emakume afrikarrek honakoa esan ohi dute menopausiara iristean: “Dagoeneko ez nau ilargiak bisitatzen, orain ni naiz komunitate osoa sostengatzen duena eta ez lehen bezala nire seme-alabak soilik”.

Mujeres sin pausa filma gomendatzen dut, munduko hainbat lekutako esperientziez hitz egiten duena. Pelikulan argi ikusten da antsietate handienarekin eta okerren bizi dugunak europarrak garela, desboteretuta eta galduta gaudelako. Bizitza osoan oso dramatikoa dela esan dizutenez eta sinetsi duzunez, menopausia oso dramatiko bizitzea espero duzu. Menopausia desdramatizatu behar da.

Desdramatizatu beharrean estigmatizatzera jotzen da, ordea.

Emakumeari gertatzen zaizkion gauzetan, erreakzioa “ai, zer pena!” da beti. Umeari hilekoa jaitsi zaio 13 urterekin eta “ai, zer pena!”, 11 urterekin jaitsi zaio eta “ai zer pena, ezta?”, 14rekin ez zaio jaitsi?...  “Ai!”. 20 urterekin haurdun geratu da… “ai, denbora galduko du, zer pena!”, 35ekin… “bada zer pena, bakarra eduki ahal izango du, zer pena, lehenago eduki behar dira!”. 40rekin eduki du… “zer pena!”. Ez dauka umerik… “zer pena!”. Zesarea izan du… “zer pena!”, bere kabuz erditu du… “ai zer pena!”, bularra ematen du… “ai zer pena”, edoskitzea luzatu du… “ai zer pena”, lau hilabetez bakarrik eman dio bularra… “ai zer pena!”, ez dio eman… “zer pena!”. Gero menopausia iristen da eta… Baina ea, ez al zen pena hilekoa edukitzea? Orain akaso pena da ez edukitzea ere? Niri kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.

Elkarrizketa osorik ikusgai dago www.argia.eus webgunean.