Irailaren 21era arte eman daiteke izena Udal Euskaltegian

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 14a, 11:43
Nekane Iribar eta Maite Egiguren Udal Euskaltegiko ikasturte berriaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Ikasturte berriari buruzko xehetasunak eman ditu udalak gaur, eta herritarrak animatu ditu euskara ikastera edo hobetzera. Gogorarazi du diru laguntzak daudela eskola orduen %80ra iristen direnentzat.

Nekane Iribar Euskara zinegotziak eta Maite Egiguren Udal Euskaltegiaren zuzendariak prentsaurrekoa eman zuten atzo, irailak 13, ikasturte berriari buruz zenbait azalpen emateko.

36. ikasturtea da hau, eta aurten ere hainbat mailatan euskara ikasteko edo hobetzeko aukera egongo da Udal Euskaltegian. Euskara ikasteko, alde batetik, aurrez aurreko taldeak eskaintzen ditu euskaltegiak (egunean bi orduko eskolak), eta bestetik, autoikaskuntza zerbitzua ere badago, euskaltegi birtualaren bidez etxetik ikasi ahal izateko. Bietan, euskalduntze maila guztietarako aukera izango du ikasleak. Euskara erabiltzeko, mintzalagunen egitasmoa eskaintzen dute, Urola Kostako Udal Elkartearen eskutik. Honela, ikasleek astero talde txikian euskara erabiltzeko aukera dute.

Irailaren 3an ireki zen matrikula egiteko epea, eta irailaren 21era arte egongo da zabalik. Egigurenek adierazi zuenez, HABEk helduen euskalduntzearen ikasprozesua gidatuko duen curriculum berria ezarri zuen, eta Udal Euskaltegian ere curriculuma moldatu dute. "Bertan jasotzen da ikasle helduak euskara ikastean egin behar duen aurrerabidea". Sei mailatan egituratzen da ibilbide hau: oinarrizkoa A1 eta A2, aurreratua B1 eta B2 (lehenengo eta bigarren perfilen baliokidea), aditua C1 (EGAren parekoa) eta C2 (4. mailaren baliokidea).

Euskaltegiko ikasleek Euskara agiriak lortzeko aukera ere izaten dute. A1, A2 eta B1eko ikasleei urte osoko ebaluazio jarraitua egingo zaie euskaltegian, eta amaieran azterketa bat izango dute. B2, C1 eta C2ko ikasleek, aldiz, HABEk edo beste erakunderen batek antolatutako azterketara aurkezteko aukera izango dute.

Bestalde, udalak beka sistema bat eskaintzen die euskaltegiko ikasleei: euskara ikasten ari direnei, matrikularen %75a itzultzen die, baldin eta emandako orduen %80a betetzen badute. Langabezian daudenei, ikastaroan zehar %100a itzultzen die. Gainera, HABEren azterketaren bat gainditzen duten ikasleek diru-laguntza eska diezaiokete erakundeari, eta dagokion diru-laguntza HABE eta udalaren artean osatuko da.