Aurtengo Emakumeentzako Jabetze Eskola aurkeztu dute

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 14a, 12:37
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia Jabetze Eskolako ikastaroen aurkezpenean. (Zarauzko Hitza)

Urritik abendura bitartean izango dira ikastaroak, eta izen-ematea irailaren 17an irekiko da. Datorren astelehenean, irailak 17, Etxezabalan egingo dute Jabetze Eskolaren aurkezpena. Ikastaroak emango dituzten irakasle guztiak izango dira bertan.

Emakumeen autonomia pertsonala indartzeko, emakumeak ahalduntzeko, emakumeek jardueretan aktiboki parte hartzeko eta elkarren arteko sareak sortzeko sortu zen Emakumeentzako Jabetze Eskola. Egitasmo honen baitan, aurten ere ikastaro desberdinak antolatu dira udaleko Parekidetasun Departamentutik.

Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak azaldu duenez, datorren astelehenean, irailak 17, Emakumeentzako Jabetze Eskolaren aurkezpena izango da, 18:00etan Etxezabalan. Bertan, aurtengo ikastaroak emango dituzten irakasle guztiak izango dira, ikastaroei buruzko azalpenak emateko.

Honakoak izango dira aurtengo ikastaroak:

  • 'Vínculos afectivos igualitarios y de buen trato' (gazteleraz), Pepa Bojoren eskutik. Asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, urriaren 3tik abenduaren 19ra. DYAren lokalean izango da (Iturribide 12-14). Matrikula: 20 euro.
  • 'Ibilgailuen oinarrizko mantentze mekanikoa' (euskaraz), Oteitza Lizeo Politeknikoaren eskutik. Astelehenetan, 16:00etatik 18:30era, urriaren 15etik azaroaren 19ra. Abendaño 7ko pabiloian izango da. Matrikula: 15 euro.
  • 'Claves para entender nuestros miedos al espacio público' (gazteleraz), Patricia Martinezen eta Delicia Aguadoren eskutik. Asteartetan, 18:00etatik 20:00etara, urriaren 9tik azaroaren 13ra. DYAren lokalean izango da (Iturribide 12-14). Matrikula: 15 euro.
  • 'Estresa eta norbere buruaren zaintza' (euskaraz), Karmele Gurrutxagaren eskutik. Ostegunetan, 18:00etatik 20:00etara, urriaren 4tik abenduaren 20ra. DYAren lokalean izango da (Iturribide 12-14). Matrikula: 15 euro.
  • 'Mujer migrante - Mujer entre dos mundos' (gazteleraz), Vega Ayllonen eskutik. Astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 5etik abenduaren 10era. DYAren lokalean izango da (Iturribide 12-14). Matrikula: 10 euro.
  • 'Batukada feminista' (euskaraz), Arantxa Vicedo eta Ainara Sarasketaren eskutik. Ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, urriaren 4tik maiatzaren 30era. Abendañon izango da. Matrikula: 30 euro.
  • 'Autodefensa feminista' (gazteleraz), Maitena Monroyen eskutik. Abenduaren 1ean, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. Polikiroldegian izango da. Matrikula: 10 euro.

Ikastaroetan izena emateko epea irailaren 17tik irailaren 28ra izango da. Inskripzioa egiteko lau modu daude: internetetik (www.berdintasunazarautz.wordpress.com helbidean), e-mail bidez (berdintasuna@zarautz.eus helbidera mezua igorrita), telefonoz (943 005 117 zenbakira deituz) edo aurrez aurre, Parekidetasun Departamentuan (Zigordia 33). Departamentua astelehenetik ostiralera egoten da zabalik, 08:30etik 14:30era.

Ikastaroetako plaza kopurua mugatua da, eta zozketa egingo da izena ematen duten emakumeen artean. Zarautzen bizi direnek izango dute lehentasuna. Bestalde, ikastaroren bateko plazak betetzen ez badira, izen-emate epea luzatuko da, ikastaroa hasi baino astebete lehenago arte.

Ikastaroetan parte hartzeko, matrikularen zenbatekoa ordaindu beharko da, Parekidetasun Departamentuan ikastaroa egin egingo dela jakinaraztean. Ordainketaren ziurtagiria Departamentura eraman daiteke, edo postaz zein e-mailez bidali.