Aiala Ostalaritza Eskolak jantoki sozial bat jarriko du martxan Perun

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 14a, 13:21
Fernando San Martin, Kelly Florcita Santa Cruz eta Raul Gonzalez gaurko aurkezpenean. (Foru Aldundia)

Pachacutec (Peru) hiriaren inguruan egongo da jantokia, eta Callao hiriko Apezpikutzarekin elkarlanean dabiltza lanean Aialakoak.

Pachacuteceko proiektuak 1.200 ikasleri elikadura oneko gosaria bermatuko die. Jantokiaren kostua 150.000 eurokoa izango da, eta horietatik 25.000 Foru Aldundiak jarriko du. Gainontzekoa, berriz, Karlos Argiñano eta Luisi Ameztoi senar-emazteek, Gaston Acurio sukaldariak eta Pachacuatec fundazioak jarriko dute.

Fernando San Martin Gipuzkoako Aldundiko Kooperazio zuzendariak eta Raul Gonzalez Aiala Ostalaritza Eskolako zuzendariak proiektua aurkeztu dute Gipuzkoa Cooperaren markoan. Gipuzkoa Coopera, Aldundiak 2017an abiarazitako garapenerako lankidetza sustatzea xede duen proiektu bat da. Prentsaurrekoan izan da Kelly Florcita Santa Cruz ere, Karlos Argiñano hotel-jatetxearen beka bat jaso baitu sari gisa, Pachacúteceko promozioko espediente akademiko onena izateagatik.