Gaur jokatu dute Getariako XVII. Salbatore Biatloia, 12:00etan hasita, Biatloi Txikiaren ondoren. Aurten 101 partaide izan dira, eta lehenengo aldiz, erreleboka jokatzeko aukera eman dute. 14 bikotek hartu dute parte guztira, eta gainontzeko 73 pertsonak banaka lehiatu dira. 550 metro egin dituzte igerian Getariako Malkorbe hondartzan, eta ondoren, herrigunea lasterka zeharkatu dute, 3.500 metroko ibilbidea osatuz.
Emakumezkoen kategorian, Usoa Ostolaza zarauztarrak lortu du garaipena (19:54), eta gizonezkoen kategorian, Jon Unanue zarauztarra izan da nagusi (17:43). Getariarren artean, denborarik onena egin duen emakumezkoa Ane Balenziaga izan da (24:28), eta gizonezkoen kategorian, Josu Iribar gailendu da (19:13). Beteranoei dagokienez, emakumezkoen kategorian, Adriana Canpoyek irabazi du (23:06), eta gizonezkoenean, Asier Astigarraga zarauztarra izan da nagusi (19:02). Erreleboka jokatu duten bikoteen artean, Leire Zeziaga eta Alex Miranda azpeitiarrek eskuratu dute garaipena (18:40).