Nerea Amilibiak irabazi du Zestoako Akoako Bira

Urola Kostako Hitza 2018ko ira. 16a, 17:08
Nerea Amilibia mendi lasterketako sari banaketan. (Zestoako Hitza)

Zestoako Akoa auzoan jokatu da mendi lasterketa, gaur goizean. 129 lagunek hartu dute parte, eta irabazleak Nerea Amilibia zarauztarra eta Igon Mancisidor debarra izan dira.

Gaur goizean jokatu dute Akoako Bira mendi lasterketa, Zestoako Akoa auzoan. Hamairugarren urtez egin dute proba, eta korrikalariek 7,8 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute, 10:30ean Santutxutik abiatuta. Guztira, 129 lagunek parte hartu dute lasterketan, eta Igon Mancisidor debarra (30:22) eta Nerea Amilibia zarauztarra (38:18) izan dira helmugara iristen aurrenak. Gizonezkoetan, Ruben Aranburu azpeitiarra izan da bigarrena (30:47), eta Ibai Etxeberria azpeitiarra hirugarrena (32:47). Emakumeen kasuan, berriz, Amaiur Iglesias errenteriarra (39:1) sailkatu da bigarren postuan, eta Alazne Irureta aizarnazabaldarra hirugarrenenean (39:50).

Lasterketa nagusiaren ostean, Akoa Txikia proba egin dute haurrek, eta, ondoren, ohi bezala, asto lasterketa jokatu dute. Astoekin nahikoa lan izan dute hainbat parte hartzailek, baina azkenean, Iñaki Albizu zestoarra nagusitu da asto lasterketan. Proba guztiak amaitzean, sari banaketa egin dute, eta hainbat zozketa ere egin dituzte antolatzaileek. Jende ugari elkartu da Akoan, eta giro ederra sortu da.

Argazkiak honako lotura honetan daude ikusgai.

Zestoako Hitzaren bidez