Zarauzko Sharks saskibaloi taldeak Getariako Keta klubarekin jokatuko du aurten, Gipuzkoako 3. maila probintzialean. Aurreko denboraldiko taldea ia osorik mantentzea lortu dute; bi kidek Zarauzko klubean jarraitzea erabaki dute, eta beste bi kide berri batu dira.
Sharks taldea duela 6-7 urte sortu zen, izaera oso definitu batekin: "Saskibaloian jokatzeak eskatzen duen seriotasun guztiarekin, baina kuadrilla txiki bat sortzea bezala izan zen", dio taldeko kide batek. Ez dute inoiz entrenatzailerik izan, "gure artean, jokalarion artean, aritu eta moldatzen ginen entrenatzeko". "Gure arteko giroa oso garrantzitsua izan da beti guretzat, eta partida zein entrenamenduak amaitzean ere, giro ona eta erosoa bilatzen saiatzen ginen".
Filosofia honek bere fruituak eman zituen. Taldea sortzean, Gipuzkoako 3. maila probintzialean hasi ziren; 2. mailara igotzea lortu zuten, eta iazko denboraldian, 1. mailara igo ziren. Dena den, pasa den udaran, "Zarauzko klubeko saskibaloiko ordezkariek erabaki zuten Sharks taldeak ez jarraitzea". Taldeko kide batek azaldu duenez, "erabaki zuten ez zutela nahi hain autogestio zabaleko talde bat klubaren parte izatea; entrenatzailerik gabe eta jokalarien erabakitze ahalmenarekin (jokalariek erabaki zezaketen klubeko gainontzeko taldeetan ez jokatzea)".
Zarauzko klubak erabaki hau hartu zuenean, hiru aukera eman zizkien Sharkseko taldekideei: alde batetik, taldea desegitea eta bertako jokalariak klub bereko talde desberdinetan hastea; beste alde batetik, Sharkseko jokalariek saskibaloia uztea; eta azkenik, taldeak klub berri bat sortzea. "Beren hitzetan, Sharks taldeak ez zion onurarik egiten klubari, eta ez zuten nahi guk talde moduan jarraitzea".
Gauzak honela, taldeak erabaki zuen hiru aukera horiei baino, laugarren aukera bati heldu nahi ziola: taldea ahalik eta gehien mantenduz, jadanik sortua zegoen klub baten hastea. Honela, Getariako Keta klubean hasteko aukera planteatu eta hau ahalbidetzeko lanak abiatu zituzten, bertako kide batekin harremanetan jarri ondoren. Taldearen eta klubaren lanarekin, urratsak bideratu eta Sharksen sarbidea posible egin zuten. "Esfortzu handia egin dute Ketakoek, eta konfiantza handia jarri dute gugan".
Beraz, aurten hiru eremu berri ireki ditu Keta klubak: kirol egokitua, areto futbola eta saskibaloia. "Badakite gure proiektua zein den, gu nortzuk garen eta garrantzitsuena; saskibaloian jokatu nahi dugula. Gustatu egin zitzaien, eta aurrera egiteko esan ziguten". Keta klubarekin, Gipuzkoako 3. maila probintzialean hasiko da Sharks taldea, "baina pixkanaka gora egiteko asmoarekin".