Urriaren 5ean emango diote hasiera denboraldiari Paperezko Lagunek

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 18a, 13:20

Hitzaldi-solasaldi baten bidez hasiko du ikasturtea irakurle-taldeak, 19:30ean Garoa liburu-dendan, eta Edu Zelaieta idazlea gonbidatu dute. Hilaren hirugarren ostegunean batzen dira Paperezko Lagunak, 19:30ean Garoan. Lehen irakurketa urriaren 18an izango da; Chyntia Ozicken Xala liburua.

Hona hemen Paperezko Lagunek zabaldutako mezua:

"Irakurle estimatuok, egun on:

Uda atzean utzi ahala, udazkenaren plazer txikien bila abiatu gara. Enbata eta haize-kolpeen artean, zuek zarete ontzi honi bultzatzen diozuenak, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu, ez baitu batere balio arraunlari onik gabeko lemazainak. Zuei esker helduko diogu aurten ere Paperezko Lagunen erronkari.

Badakizue irakurle taldea irekia dela, debaldekoa, eta nahi duena etor (eta joan) daitekeela. Hilean behin elkartuko gara, liburu baten aitzakian, eta gure asmoa da literatura irakurtzea eta hartaz (eta huntaz) hitz egitea, pixka bat ikasiz eta asko gozatuz. Solasaldiak hilaren hirugarren ostegunean izaten dira normalean, iluntzeko 19:30ean, Garoan. Denboraldi honetako lehen irakurketa urriaren 18an izango da: Chyntia Ozicken 'Xala'.

Denboraldia indartsu hasteko, ordea, hitzaldi-solasaldi bat prestatu dugu. Edu Zelaieta idazlea gonbidatu dugu poesiaz, musikaz ('Mugaldekoak' taldeko kidea da) eta beste hainbat kontuz hitz egin diezagun. Urriaren 5ean (ostirala!), iluntzeko 19:30ean izango da Garoan.

Poz handia emango liguke hantxe berriz elkar ikusteak.

Hala izango delakoan, jaso besarkada bana."