Ikastaroak antolatu ditu Udal Elkarteak sormen industria sektorearentzat

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 18a, 17:59

Aurreneko ikastaroa marketin eta komunikazioari buruzkoa izango da, eta ostegun eta ostiral honetan emango dituzte. Izena emateko epea bihar, irailak 19, amaituko da.

Urola Kostako Udal Elkarteak Kultura eta Sormenezko Industrian (KSI) lan egiten duten profesionalentzat prestakuntza saioak antolatu ditu irailerako eta urrirako. Izan ere, 2017an eskualde mailako sektore azterketa egin zuten, arlo horretako eragile, profesional eta enpresekin elkarlanean.

Behin sektorearen beharrak, potentzialitateak eta aukerak identifikatu zituztenean, epe ertainera sektoreak dituen erronkei erantzun ahal izateko bide-orria diseinatu zuten. Hain zuzen ere, erronka horiei erantzuteko antolatu ditu UKUEk prestakuntza saioak. 

Lau ikastaro
Denera, lau ikastaro eskainiko dituzte, eta ikastaro bakoitzak hamabi orduko iraupena izango du. Bi egunetan sei orduko bi saioetan banatuko dira ikastaroak. Prestakuntza teorikoa gaztelaniaz izango da, baina materiala euskaraz eta gaztelaniaz banatuko da. Tutoretza saioetan, berriz, partaide bakoitzak berak aukeratuko du zein hizkuntza erabili nahi duen.

Ikastaroetan parte hartu nahi duten profesionalek informazio osatua jaso dezakete 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta edo enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzita. 

Egutegia

- Irailak 20 eta 21: Marketin eta komunikazioa. 
- Urriak 1 eta 2: Kudeaketa eta finantzaketa aukerak.
- Urriak 15 eta 16: Jarduera legeztatzeko izapideak eta Foru- Ogasuna eta Gizarte- Segurantzarekiko betebeharrak.
-Urriak 29 eta 30: Sormen egitasmoak lankidetzan garatzeko estrategiak