zarauzkohitza.eus

Euskaraldia: Ahobizi eta belarriprest figuren azalpena

Zarauzko Hitza 2018-09-19 11:26   euskara

Bihar irekiko dute Euskaraldian izena emateko epea. Parte hartzeko, ahobizi edo belarriprest moduan eman behar da izena.

Euskaraldia: Ahobizi eta belarriprest figuren azalpena
Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia, martxoan. (Aritz Mutiozabal) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bihar irekiko dute Euskaraldian parte hartzeko izen-emate epea, eta ahobizi edo belarriprest moduan eman daiteke izena. Zarauzko Euskaraldiaren webgunean azaldu dutenez, honakoa izango da ahobiziek eta belarriprestek 11 egunez hartuko duten konpromisoa:

Ahobizi

"Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.

Euskaraz egingo diezu ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere. Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.

Jarrera aktiboa izango duzu, beraz. Zure harreman sarean dituzun hizkuntza praktikak aztertu eta euskarara aldatzeko aukera duzun horietan eragingo duzu. Hamaika egunetan, hizkuntza aldaketarako aukeratu dituzun harreman horietan ezezik, zure bizitzako esparru guztietan euskaraz arituko zara, ahal den guztietan, ahal duzun guztiekin.

Belarriprest

"Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

Euskaraz dakiten guztiei zuri euskaraz egiteko gonbitea egingo diezu. Euskara ulertzen duzula adieraziko diezu eta zurekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu.

Horrela, orain arte euskaraz izan dituzun elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo elebiz izatea ere lortuko duzu.
Jarrera aktiboa izango duzu, beraz, gonbitea egingo baitiezu euskal hiztunek zurekin euskaraz hitz egin dezaten. Oso garrantzitsua da zure funtzioa, euskarazko elkarrizketak sortzen lagundu eta euskara erabiltzeko giro babestua sortuko duzulako.

Belarriprest ugari daudenean, hau da, belarriprest eremua sortzen eratzen denean, euskaraz hitz egiteko aukerak biderkatu egiten dira.

Euskaraz ulertze hutsak, taldeko kideei askatasuna ematen die nahi duten hizkuntzan hitz egin ahal izateko. Denok euskara ulertuko bagenu, euskaraz hitz egin nahi duten pertsona guztiek aukera izango lukete horretarako. Horregatik esaten dugu belarriprestek ateak irekitzen dituztela."

Honako lotura honetan daude azalpenak osorik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa