Euskal dantza ikastaroak antolatu ditu udalak

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 19a, 12:02

2018ko urrian hasi eta 2019ko maiatzera arte izango dira ikastaroak. Hiru talde bereiztuko dira: hasiberriena, lehenengo urteko jarraipena eta bigarren urteko jarraipena.

Ikasturte honetan ere euskal dantza ikastaroak antolatu ditu Zarauzko Udaleko Kultura departamentuak. 2018ko urrian hasi eta 2019ko maiatzera arte izango dira, Aritzbatalde kiroldegian. Goizane Arregik emango ditu eskolak.

Aurten hiru talde bereiztuko dira: hasiberriak, lehenengo urteko jarraipena eta bigarren urteko jarraipena. Hasiberriek ostiraletan izango dituzte klaseak, 16:30ean, eta urriaren 5ean hasiko dira. Lehenengo urteari jarraipena eman nahi diotenak ere ostiralean arituko dira, 18:00etan. Bigarren urteari jarraipena emango diotenek, berriz, astelehenetan izango dute hitzordua, 17:30ean. Urriaren 8an hasiko dira.

Ikasturteko matrikula 85 eurokoa izango da, eta izen-ematea irailaren 20an irekiko da, irailaren 28ra arte. Izena emateko, bi aukera dituzte ikasleek: Kultura saileko telefono zenbakira deitzea (943 005 120) edo posta elektronikora mezu bat bidaltzea (kultura@zarautz.eus).