Asteburu honetan jokatuko dute Txirrindularitza Egokituko Zarautz Kriteriuma, irailaren 22an eta 23an. Gaur egin dute aurkezpena Amaia Elizondok (Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren ordezkaria), Iban San Martinek (Zarauzko Kirol zinegotzia) Edu Aranak, Isidro Uriartek eta Ibai Beraciertok (Zarauztarra Txirrindulari Elkarteko kideak hirurak).
Krtiteriumaren 11. edizioa izango da aurtengoa, eta San Martinek adierazi duenez, "Kriteriuma antolatzeak balio handia du". Izan ere, "alde batetik, kirol egokituari ikusgarritasuna ematen dio, eta bestetik, egoera desberdinean dauden pertsonek, kirola egiteko eskura dituzten aukerak ezagutu ditzakete".
Amaia Elizondok azaldu du gutxi gorabehera 40 txirrindularik hartuko dutela parte aurten. Lau kategoria desberdin izango dira: hand bike, tandem, trizikloa eta bizikleta. Hand bike modalitatean 25 parte hartzaile inguru izango dira, leku oso desberdinetatik etorriak: Andaluziatik, Galiziatik, Kataluniatik, Bizkaiatik, Gipuzkoatik edo Nafarroatik, besteak beste. Bi neska ere arituko dira, galiziarra bat, eta bizkaitarra bestea.
Tandem modalitatean, aldiz, 3 bikotek hartuko dute parte: bi gipuzkoarrak, eta Ciudad Realetik etorritako bat. Trizikloan 2 parte hartzaile izango dira, gipuzkoar bat eta Espainiako txapelduna, Gonzalo Abella. Bizikletari dagokionez, 10 txirrindulari inguru lehiatuko dira. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketa izango da, erlojupekoa zein errepidekoa. "Baina Kriteriuma denez, kanpotik ere jende asko etorriko da", Elizondoren esanetan.
Larunbat arratsaldean izango da erlojupeko proba, eta 15:30ean Zuberoa kaletik abiatuko da, Kikara taberna ingurutik. Ibilbidea leku berean amaituko da, gutxi gorabehera 18:00etan, eta jarraian izango da sari banaketa. Errepideko probari dagokionez, igande goizean izango da, Duke Eneatik abiatuta eta bertan amaituta. Beraz, Zarauztik Getariara bideko errepide osoa moztuta egongo da, 09:00etatik 11:30era.
Bestalde, Ibai Beraciertok azpimarratu du aurten Juan Mari Urdangarin 'Xuper' II. Memoriala izango dela. Iaz, lehenengo aldiz antolatu zuten Kriteriuma 'Xuper' zenaren oroimenez, eta aurten iniziatibari heldu diote berriz.