Mugikortasun Astea izango da irailaren 22tik 29ra

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 20a, 12:33
Unai EgaƱa, Maite Garrastazu eta Igor Makazaga, Mugikortasun Astearen aurkezpenean. (Zarauzko Hitza)

Irailaren 22an Autorik Gabeko Europako Eguna ospatuko dute. XIX. Txirrindulari Txiki Eguneko bizikleta martxaz gain, doako autobus zerbitzua eskainiko dute egun osoan. Bestalde, mugikortasunarekin lotutako ekimen desberdinak izango dira aste osoan zehar.

Irailaren 22an ospatuko dute Autorik Gabeko Europako Eguna. Horren harira, eta datozen egunetan Zarautzen mugikortasunarekin lotutako zenbait ekimen antolatu direla probestuta, irailaren 22tik irailaren 29ra izango da aurtengo Mugikortasun Astea. Gaur egin dute aurkezpena Maite Garrastazu Mugikortasun zinegotziak eta Unai Egaña eta Igor Makazaga Udaltzaingoaren ordezkariek.

Egañak azaldu duenez, "aurtengo Europako Autorik Gabeko Eguna intermodalitatearen inguruan antolatuko dute. Gainera, ikusi genuen Zarautzen aldez aurretik mugikortasunarekin lotutako hainbat ekintza zeudela deituta datozen egunotan, mugikortasuna bere zentzurik zabalenean ulertuta". Mugikortasun Asteari hasiera emateko, irailaren 22an bi egitasmo nagusi izango dira: XIX. Txirrindulari Txiki Eguna, alde batetik, eta doako autobus zerbitzua, bestetik.

Txirrindulari Txiki Eguna

Txirrindulari Txiki Egunaren harira, haurrentzako bizikleta martxa bat antolatu dute. 11:00etan abiatuko da, Lizardi zaharreko institutuko patiotik (kiroldegi ondoan), eta 2'5 kilometroko ibilbidea egingo dute. "Haurrei zuzendutakoa izango da, baina gurasoekin etortzeko gonbidapena luzatzen diegu. Lehiakortasunik gabeko martxa bat izango da". Hainbat errepide eta bide desberdinetatik ibiliko dira; zati batzuetan, oinezkoekin partekatu beharko dute bidea, eta beste batzuetan, motordun ibilgailuekin. Galtxagorri aurrean amaituko da martxa, eta bertan, hamaiketakoa eta zozketa izango dira.

Bestalde, irailaren 22an eta 23an, Txirrindularitza Egokituko Kriteriuma jokatuko dute. Egañaren arabera, "hau ere beste mugikortasun mota bat da; integratzailea, kirol mota bat, eta mugikortasun bezala bere balioa duena". Lau modalitate bereiziko dira, eta bizikleta modalitatean, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketan lehiatuko dira. Aurten ere, 'Xuper' zenaren omenez antolatu dute Kriteriuma.

Euskal Kosta Krosa ere bai

Mugikortasun Asteari amaiera emateko, irailaren 29an Euskal Kosta Krosa izango da, eta hasiera eta helmuga lasterketak Zarautzen izango dira. Proba nagusia korrika burutuko dute parte hartzaileek, 17:00etan malekoitik abiatuta. Dena den, aurten berrikuntza nabarmen bat iragarri dute: gurpil gaineko lasterketa ere izango da aurten, roller proba bat, alegia.

Egañak adierazi duenez, mugikortasunarekin lotutako ekimen hauekin eman nahi diote hasiera ikasturte berriari, eta oraingoan ere, "mugikortasun segurua sustatzen" jarraitzeko asmoa dutela agertu du. Bide horretan, ikasturtean zehar, Udaltzaingoak bide heziketa lantzen du haurrekin eta nerabeekin, ikastetxe desberdinetan. "Aurtengo erronketako bat ikastetxeekin dugun lankidetza sendotzea da", Makazagaren arabera. "Honetaz gain, denbora da osasun-eragileekin lanean ari garela. Lankidetza hori finkatu eta sendotuko dugu".

Bestalde, lanean jarraitzeko espazio gehiago ere identifikatu ditu Makazagak: haurdun bikoteak (haur kotxeen erabilpena lantzeko), enpresak (lan-istripuei aurre egiteko), adineko pertsonak (erorketak ekiditeko), etab.