Irailaren 26ra arte eman daiteke izena Euskal Kosta Krosean

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 20a, 13:54
I. Euskal Kosta Kroseko une bat

Astebete eskas falta da II. Euskal Kosta Krosa maratoi erdi eta roller probarako, eta izena emateko epea irailaren 26an, asteazkena, amaituko da.

II. Euskal Kosta Krosa maratoi erdian nahiz roller lasterketan parte hartu nahi dutenek izena euskalkostakrosa.eus atarian eman behar dute, eta horretarako azken eguna datorren asteazkena izango da, hilak 26.

Webgune horretan kirol proben inguruko informazio zabala bildu dute, eta baita eguneko egitaraua ere.

Kirola baino gehiago

Irailaren 29an jokatuko dira maratoi erdia eta roller proba, Zarauztik abiatuta. Baina, kirola bultzatzeaz gain, aisia eta turismoa ere sustatu nahi ditu ekitaldi honekin Urola Kostako Udal Elkarteak. Horregatik, egun osoko egitarau zabala prestatu dute, eta beste hainbat eragilerekin elkarlanean ari dira.

Esaterako, Zurekin Zarauzko Ostalarien Elkartearen eskutik, proba amaieran parte hartzaileen artean hainbat sari zozkatuko dituzte. Kirolari Menua ere eskainiko dute Zarauzko hiru jatetxek.