Irudietan: Txirrindularitza Egokituko Kriteriumeko sari banaketa

Amaia Urbieta Arruti 2018ko ira. 23a, 17:45

Atzo jokatu zuten Txirrindularitza Egokituko 11. Kriteriumaren erlojupeko proba, eta gaurkoan, errepideko probaren txanda izan da. Zarautz-Getaria-Zarautz itzulia egin dute txirrindulariek, kategoria bakoitzak, egokitu zaion adina alditan.

Emakumen H4 kategoriako hand bike proban, Milagros Lopez Vernet (00:52:02) izan da lehena. Gizonezkoen hand bike H3 kategorian, berriz, Israel Rider Ibañezek (01:15:35) irabazi du, eta Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun Ion Galarraga Zendoia (01:25:20) izan da. Modalitate bereko H4 eta H5 kategorietan, berriz, Martin Berchesi Manzione (01:17:19) izan da txapeldun.

Trizikloaren modalitatean, Gonzalo Gartzia Abellak (00:50:45) eskuratu du lehen postua, eta tandem modalitatean, berriz, Felix Martin Gomezek (01:50:24). Azken modalitate honetan hartu du parte probako zarauztar bakarrak, Jose Angel Arroitaonandia Alberdik (02:17:06). Horrez gain, tandem modalitateko bigarren sailkatuak, Jon Estensoro Lasak (01:55:27) Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldunaren mailota irabazi du.

Bizikletari dagokionean, C4 eta C5 mailan Oscar Garro Antxia (01:16:07) izan da txapeldun, eta C2 kategorian, berriz, Manuel Moyano Valverde (01:52:57). Azken honek, Euskadiko txapeldunaren mailota irabazi du.

Kriteriumeko sailkapen orokorrari dagozkion sariak ere eman dituzte gaurkoan, beraz, Israel Rider, Martin Berchesi, Felix Martin eta Manuel Moyanok txapela jantzi dute gaurkoan. Beraien kategorian lehen postua lortu duten arren, Milagros Lopezek eta Gonzalo Gartziak ezin izan dute txapelik jantzi, araudiaren arabera horretarako gutxienez hiru lehiakidek hartu behar baitute parte kategoria berean.

Azkenik, omenaldi txiki bat egin diete Gorka Uzkuduni eta haren amari. Uzkudunek kriteriumean parte hartzeko asmoa zeukan, baina klabikula hautsi eta ezin izan du lehiatzera atera. Hori dela eta, txapel bat eskaini diote berari, eta prestaketa lanetan gogor jarduten den haren amari.