Bihotzez elkartearen eskutik, II. Zarautz Bihotzekin Elkartasun Lasterketa izango da irailaren 30ean, sortzetiko kardiopatia dutenen alde. Xabier Euzkitzek emango dio hasiera probari, eta parte hartzaileek 4'9 kilometroko ibilbide laua egingo dute, Zarauzko kaleetan barrena. Irteera 11:00etan izango da, Itxasmendi auzoan, eta bi kategoria izango dira; emakumezkoena eta gizonezkoena.
Izena eman daiteke jada, herrikrosa.eus webgunean, 10 eurotan. Probaren egunaren aurretik egin beharko dute ordainketa parte hartzaileek, eta "ordainduta" jartzen duela ziurtatu beharko dute. Bestela, irailaren 30ean, ordainketaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, edo egunean bertan ordaindu beharko dute izen-emate tasa. Bestalde, egunean bertan ere eman daiteke izena, 09:30etik 10:30era, 15 eurotan.
Hona hemen Elkartasun Lasterketaren araudia:
- Dortsalak aurrealdean eta ondo ikusteko moduan jarri behar dira.
- Proba ondo egiten dela ziurtatzeko, udaltzainak, boluntarioak eta anbulantzia izango dira.
- Antolatzaileek adierazi dute "konfiantza osoa" dutela parte hartzaileek araudia "zintzo" beteko dutela. Kirolarien arteko "errespetua" bermatuko dute, "eta horretarako, beharrezkoak diren neurriak" hartuko dituzte.
- Parte hartzaileren batek mina hartuz gero, antolatzaileek beren gain hartuko dute, istripuetarako aseguru-poliza baten bidez.
- Proba honetan izen-emateak araudia onartzea dakar. Parte hartzaileek proba hau egiteko egoera fisiko egokian egon beharko dute.