Telmo Esnal: "Dantza era berri batean aurkeztu nahi dut filmean"

Maider Galardi F. Agirre-Berria 2018ko ira. 25a, 09:51
(Aritz Mutiozabal)
Hitzik apenas duen film bat aurkeztu du Telmo Esnalek Donostiako Zinemaldian: Dantza. Apustu estetiko handia egin du, eta proposamen berriak landu.

Dantza inoizko «kirolik zaharrena» dela dio Telmo Esnal zinema zuzendariak (Zarautz, Gipuzkoa, 1967). Osasuntsua dela-eta, bera ere itzuli da dantzara hainbat urteren ostean. Plazara ez ezik, zinema aretoetara ere eraman du bere pasioa. Dantza filma aurkeztu du Donostiako 66. Zinemaldiko Sail Ofizialean.

Dantza film dantzatu bat dela diozu, baina ez al da dantzari buruzko film bat?

Nik uste dut baduela bietatik. Dantza erabiltzen dut istorio bat kontatzeko, baina hor geldituko da filma betiko, euskal dantzaren inguruko testigantza gisa.

Filma egitean, zerk izan du garrantzi handiagoa: kontatzen duzun istorioak ala euskal dantzen inguruko gogoetak?

Biak dira garrantzitsuak. Egin dudana da sinbologia horiek erabili istorio bat kontatzeko, eta euskal dantzari esentzia berri bat emateko. Beti oholtzaren gainean ikusi ditugu, eta era berri batean aurkeztu nahi nuen dantza. Zinemak emango dio ikuspegi berri bat.

Nola sortu zen ideia?

Koldobika Jauregi eta biok pelikula egin nahian hasi ginenean, Juan Antonio Urbeltzengana jo genuen. Haren lan hipotesiak ezagutzean hasi zen sortzen kontatu dugun istorioa. Lan hori gabe, ez nuen kontatuko istorio hau. Desberdina izango litzateke. Hala, herri laborari baten istorioa kontatu dugu. Euskal dantzak oso lotuta daude giro horrekin. Nik ez nituen ezagutzen pelikulan agertzen diren dantza guztiak. Urbeltzen eta Argia taldearen dantza bilduman sakondu dugu, eta horrela osatu dugu filma.

Irakurri elkarrizketa osorik, hemen.