Urola Kostako Udal Elkarteak bigarren urtez antolatu du Euskal Kosta Krosa; hau da, kostako herriak zeharkatzen dituen maratoi erdia. Iaz Zumaian hasi eta amaitu zen proba, eta aurten, berriz, Zarautzi egokitu zaio irteera-helmuga puntuak edukitzea. Handik abiatu, eta Getaria eta Zumaiara iritsiko dira korrikalariak, berriz Zarautzera itzultzeko.
Berritasun nagusia irristaketa proba izango da, eta maratoi erdiaren aurretik egingo da. Hamasei kilometroko lasterketa egingo dute Zarautz eta Getaria artean. ZKE Irristaketa Taldearen laguntzarekin antolatu dute proba, eta goizean ere elkarlanean egingo dute haurrentzako irristaketa saioa, ikastetxeek eskola kirolaren egutegian sartu baitute proba.
Kirolaz harago
Antolatzaileek hasieratik azpimarratu dute Euskal Kosta Krosaren oinarria kirolaz harago doala. Batetik, eskualde izaera eman nahi diote, erdigunea Zarautz izan arren. Bestetik, eguna aisiarekin eta familiarekin lotu nahi dute, kirolariez gain, ingurukoek ere izan dezaten zer egin eta zertaz gozatu. Horregatik, egitarauan haurrentzako ekintzak antolatu dituzte, eta pakete turistiko bereziak sortu dituzte, Basquetour agentziaren bitartez. Gainera, Zurekin Zarauzko Ostalari Elkartearekin elkarlanean, Kirolari Menua eskainiko dute hiru jatetxek; 15 eta 17 euro artean ordainduta, kirolariei ondo datorkien elikagaiez osatutako bazkaria eskainiko dute.
Zehaztasun guztiak euskalkostakrosa.eus webgunean aurki daitezke. Esaterako, N-634 errepidea itxi egingo dute Getaria-Zarautz artean (15:30-17:00), Zumaia-Getaria-Zarautz artean (17:00-18:50) eta Getaria-Zarautz artean (18:50-19:30).
Egitaraua
Bihar, ostirala
17:00-20:00. Dortsalen banaketa Zinema pilotalekuan.
Etzi, larunbata
09:00-16:00. Dortsalen banaketa Zinema pilotalekuan.
09:30-11:30. Euskal Kosta
Irristaketa Txikia. Malekoian. Eskola Kirolaren barruan, LH3 eta LH4ko ikasleek hartuko dute parte.
10:00-14:00. Puzgarriak eta tailerra umeentzat. Malekoian.
11:30. Zunba familian, adin guztietakoentzat. 50 minutuko saioa. Malekoian.
12:00. Trikitilariak malekoian eta herriko kaleak girotzen.
12:30. Jumpfit familian, 7-8 urtetik gorakoentzat. 50 minutuko saioa. Malekoian.
13:00etatik aurrera. Kosta Krosa menua hiru jatetxe hauetan: Itxas-Lur, Txiki-Polit eta Santa Barbara.
15:00-20:00. Kontsigna zerbitzua, Zinema pilotalekuan.
15:30. Txaranga, malekoia eta kaleak girotzen.
15:45. Irristaketa lasterketaren irteera, malekoian.
16:45. Irristaketa lasterketaren helmugaratzea, Villa mundan (Nafarroa kalea).
17:00. Euskal Kosta Krosa lasterketaren irteera, malekoian.
18:00. Euskal Kosta Krosaren helmugaratzea, Lege Zaharren enparantzan.
19:00. Lagunen artean izeneko bisita gidatua Alde Zaharrean.
19:30. Sari banaketa, Lege Zaharren enparantzan.
Kirolarien zerbitzuak
Aparkalekua: Lizardi institutuko patioan aparkatzeko aukera egongo da larunbatean bertan, 13:00etatik aurrera. Aparkalekua bete arte.
Dortsalak: Zinema pilotalekuan banatuko dira, bihar ostirala 16:00-21:00 artean eta etzi, larunbata, 09:00-16:30 artean.
Kontsignak: Zinema pilotalekuan, 14:00-20:00 artean.
Aldagelak eta dutxak: Bi gune izango dituzte kirolariek: Aritzbatalde kiroldegia (Araba kalea, 20) eta Antoniano ikastetxea (Gipuzkoa kalea, 3).
Sariak
Maratoi erdia.
-Gizonezko eta emakumezko absolutuak, irabazleak: 1.000 euro, garaikurra eta txapela.
-Bigarren postuak: 600 euro eta garaikurra.
-Hirugarren postuak: 200 euro eta garaikurra.
-Diru saria izango dute aurreneko sei postuetakoek.
-Garaikurra eta txapela jasoko dituzte eskualdeko lehen sailkatuek (Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia) eta baita lehen junior eta beteranoek ere.
Irristaketa proba.
-Gizonezko eta emakumezko absolutuak, irabazleak:400 euro, garaikurra eta txapela.
-Bigarren postuak: 200 euro eta garaikurra.
-Hirugarren postuak: 100 euro eta garaikurra.