87.173 euroko laguntza jasoko du udalak Vista Alegre urbanizatzeko

Zarauzko Hitza 2018ko ira. 27a, 17:58
Imanol Lasa Foru bozeramailea, kontseiluaren erabakiak jakinarazten. (Foru Aldundia)

Foru Aldundiak emango dio diru laguntza Udalari, Vista Alegreko parkea biziberritzeko helburuarekin, lehendik dauden bide zaharrak konpontzeko eta bestelako guneak hobetzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 87.173 euroko diru laguntza emango dio Zarauzko Udalari, Vista Alegre auzoko parkea urbanizatu eta hobetzeko aurkeztutako proiektua gauzatzeko. Eraztun berde-urdina garatzen jarraitzeko asmoa du Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak, eta horretarako, aipatutako parkea eraberritzeko proiektua idatzi eta aurkeztu du. Santa Barbara mendiaren magalean dago parkea, Natura 2000 Sareko Garate-Santa Barbara eremuaren barruan. Proiektuaren helburua parkea biziberritzea da, lehendik dauden bide zaharrak konponduz eta parkeko ibilbideetan zehar dauden atsedenerako edo aisialdirako guneak hobetuz.

Egun dauden arazoak konpontzeko, zoladura aukera desberdinen azterketa eta analisia egingo dira, eta euri urak biltzeko aukera ezberdinak ikusiko dira. Azaldu dutenez, arreta berezia jarriko zaie hiri-altzarien eta adinekoek ariketa fisikoa egin ahal izateko eremuen kokapenari. Asmoa eremua «hiri-parke» bilakatzea dela azaldu du Foru Aldundiak, espazio babestu batean egoteak ezartzen dituen baldintzetara egokituta. Proiektua faseka gauzatzeko diseinatu dute, eta orotara, 280.473 euroko aurrekontua izango du. Imanol Lasa Foru bozeramaileak adierazi duenez, proiektua «bat dator erabat» Aldundia klima aldaketarekin eta eremu degradatuak lehengoratzearekin lotuta garatzen ari den estrategiarekin.


Beharrezko proiektuak

Aldundiak «beharrezkotzat» jotzen du halako egitasmoak aurrera eramatea. Erakundeak estrategia orokor baten bidez, hirietako azpiegitura berdeak sustatu nahi ditu, landa eremukoen osagarri izateko. «Horrek, gainera, biztanleriaren ongizatea eta bizi kalitatea handitzen ditu, eta hiri espazioen kalitate paisajistikoa areagotu», azaldu du Lasak.