Maydayterraneo izeneko proiektuaren esparruan prestatu dute ontzia. Zehazki, Libiako kostaldean erreskate misioak egiteko birgaitu dute, eta porturatuta dagoenean osasun laguntza ere eskainiko du. Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro eman dizkio proiektuari, "errefuxiatuek Mediterraneoan bizi duen krisiari" erantzuteko asmoz. Fernandezek gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak erantzun integral bat emateko esparrua definitu du migrazioaren erronkaren aurrean. Horrez gain, SMH erakundeak proiektuari emandako babesaren balio estrategikoa goraipatu du, erakunde sozialen eta instituzio publikoen arteko lankidetza eraikitzailea nabarmenduz. Euskal gizartearen eta instituzioen ahalegina aipatu ditu Fernandezek, giza eskubideen kausan laguntzearen alde.
1.730 pertsonek galdu dute bizia aurten Mediterraneoan. "Itsasoa gurutzatzen saiatu den ehun pertsonetatik bi hil dela esan nahi du horrek", azaldu du Mijangosek. Haren hitzetan, Aquarius izan da Mediterraneoan izan den giza erreskateko azken ontzia: "Bandera kendu diote, eta nazioarteko uretan geldirik dago, Malta parean, salbatu dituen 58 pertsonak eramateko zain".
Bederatzi hilabete itsasontzia prestatzen
Bederatzi hilabete daramatzate arrantza ontzia erreskaterako birgaitzen. "Aita Mari errealitate bihurtu da, pertsonek eta instituzioek berdintasunarekin eta elkartasunarekin hartu duten konpromisoari esker", dio Mijangosek. Beren posizio soziala edozein izanik ere, "hainbat pertsonen sufrimendua jasanezina" egin zaiela uste du SMHko kideak.
Nabigazio proba batzuk eta tramite administratiboak egiten ari dira egun hauetan. Bihar, larunbata, Pasaiako portura itzuliko da tripulazioa, probak egiten jarraitu eta ontzia guztiz egokitzera. Mediterraneorako bidea noiz hartuko duten ez dakite oraindik, baina hamabost egun barru bertan izatea espero dute.
150 pertsonentzako lekua du ontziak: “Gehiago ere sartuko genituzke, baina une batetik aurrera, ontziaren segurtasuna arriskuan jar genezake”, azaldu du Mijangosek. Hemezortzi pertsonek osatuko dute tripulazioa; bost profesionalek eta hamahiru boluntariok, hain justu.
Mediterraneo erdialdera joko dute. Bertan giza erreskateko ontzirik ez dagoela ekarri du gogora Mijangosek: "Hor inguruan dabiltzan ontzi bakarrak militarrak eta Libiako kostazainak dira". Libia Gerra Zibilean dagoen estatua dela aipatu du, eta gobernu ezberdinak izanik, giza erreskateak koordinatzea zaila dela uste du. "Ahalik eta lasterren" abiatzeko esperoan da tripulazioa.
Udaletako ordezkarien esker hitzak
Esker hitzak izan ditu Getariako alkate Nika Lertxundik SMHrentzat: "Aitzinan getariarrak salbatzen galdu zuen bizia Aita Marik, eta orain Aita Mari ontzia izango da beste bizitza batzuk salbatzen lagunduko duena". Zarauzko Udalak proiektuari "babes osoa" eman diola azaldu du Txurrukak. Bizitzak salbatzearekin batera, "pertsonen duintasuna" ere salbatzen dela uste du. Bizitza duintasuna Europan krisia dagoen balorea dela uste du Zarauzko alkateak, eta bizitzak salbatzera doazenei udalaren babes osoa eskaini die.