Bihar abiatuko da 2019 urteko udal aurrekontuak lantzeko prozesu parte hartzailea

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 1a, 10:59
Aurrekontuak osatzeko duela bi urteko bilera udalbatzar aretoan, Vista Alegre eta Alde Zaharreko bizilagunekin. (Zarauzko Udala)

Sei bilera deitu ditu udalak Zarauzko auzo ezberdinetan eta proposamenak jasotzeko postontziak jarri ditu.

2019ko udal aurrekontuak lantzeko prozesu parte hartzailea jarri du martxan udalak. Hala, sei bilera deitu ditu herriko auzo ezberdinetan, bizilagunen beharrak ezagutu eta beraien proposamenak jasotzeko asmoz. Bileretan, herritarrei Udalaren egoera ekonomikoa azalduko diete, baita 2019rako eskuartean dituzten proiektuak ere.

Bihar izango da lehen bilera, Iñurritza elkarteko lokalean, eta bertara Mendilauta eta Iñurritza auzoetako bizilagunak deitu dituzte. Urriaren 3an, aldiz, Azken Portu eta Aritzbatalde auzoetako bizilagunen txanda izango da, Kristau Biltokian. Urriaren 4ean, osteguna, udal ordezkariak Mitxelena, Zelai Ondo eta Itxasmendiko bizilagunekin elkartuko dira, Aritzbatalde kiroldegiko bilera aretoan. Prozesuari berriz ekingo diote urriaren 8an, astelehena, Portuetxeko Udalbatza aretoan, Alde Zaharreko izilagunekin. Urriaren 9an, asteartea, Vista Alegre eta Hiruerreketako bizilagunekin egingo da bilera, Vista Alegreko auzo elkarteko lokalean. Azkenik, urriaren 10ean, asteazkena, Urteta auzoko bizilagunekin egingo dute bilera, bertako elkartean.

Bilera guztiak 19:00etan izango dira, Urtetakoa izan ezik. Azken hau 20:00etan izango da.

Era berean, bilera hauetara joateko aukerarik ez duten baina aurrekontuen eta proiektuen inguruan beraien proposamenak helarazi nahi dituzten herritarrentzat, hainbat postontzi jarri dira herrian zehar. Postontzi hauek urriaren 1etik 19ra bitartean egongo dira, Vista Alegre auzo elkartean, Etxezabalan, Portuetxen, Sanz Enean, Euskaltegian, Azken Portuko Kristau Biltokian, Aritzbatalde kiroldegian eta Iñurritzako auzo elkartean.