Zarauzko hainbat idazlek argitaratuko dituzte liburuak udazkenean

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 3a, 19:02
Etxeberria anaiak.

Yoseba Peñak, Martin Etxeberriak, Xabier Etxeberriak eta Joxean Agirrek argitaratuko dituzte beraien lanak.

Eleberria, Narrazioa nahiz Poesia argitaratuko dituzte udazkenean Zarauzko lau idazlek, argitaletxe ezberdinekin. Hain zuzen ere, Yoseba Peñak, Xabier Etxeberriak, Martin Etxeberriak eta Joxean Agirrek.

Yoseba Peña Zarauzko bizilagunak Hariak (Susa) eleberria plazaratuko du. Hiru emakume dira istorioko protagonistak. Horien bitartez, 1930-1980ko epean Euskal Herrian bizi izandako gatazkak josi ditu idazleak. Hala, Ireneren 36ko gerra aurreko giro gatazkatsuko bizipenak; Xexiliren frankismo urtekoak; eta Olatzen 1970eko hamarkadako borroka politikoak garatuko ditu. Xabier Etxeberriak, aldiz, genero beltza landu du Berriro itzuliko balitz (Elkar) nobela berrian. Ez da lehen aldia Martin Etxeberriak poesia liburu bat argitaratzen duena, eta oraingoan, Winston (Elkar) lana kaleratu du. Joxean Agirre Zarauzko bizilaguna den azpeitiarrak, berriz, bi lan ezberdin argitaratu ditu, genero ezberdinetan: Ispiluak eta itsasoak (Elkar) eleberria, eta Eleuterio Tapia, bera zen festa (Trikitixa Elkartea) saiakera.

Argitalpen berriez gain, aurten hainbat berrargitalpen izango dira Durangoko Azokara begira. Esaterako, Alberdaniak, Anjel Lertxundiren Otto Petteren edizio eguneratua kaleratuko du, eleberri horrek 25 urte betetzen dituela eta. Horrez gain, Lertxundiren Zoaz infernura, laztana eta Ihes betea berreditatuko ditu.