Bidasoarekin entrenatzen hasi dira Amenabar taldeko zenbait jokalari

Zarauzko Hitza 2018ko urr. 5a, 12:14
Amenabar eta Aiala taldeak, 2018-2019 sasoiko aurkezpenean. (Amaia Urbieta Arruti)

Bi taldeen arteko hitzarmen bati esker, Amenabar taldeko jokalari batzuek astean behin Irungo taldearekin entrenatzeko aukera izango dute.

Amenabar taldeak hitzarmena egin du ASOBAL ligako Bidasoa taldearekin. Astean behin, Zarauzko taldeko jokalari batzuk Irunera joango dira, gizonezkoen maila goreneko eskubaloi jokalariekin entrenatzera.

Duela pare bat urte hasi ziren egitasmoaren lanketa egiten, eta aurtengoan gauzatu ahal izan dute. Aitor Urbitarte entrenatzailearena izan zen ekimena, eta klubak bere oniritzia eman zuen, nahiz eta ezin izan zuten proiektua asko garatu. Orain, Hugo Sanchezek, Amenabarren entrenatzaileak, eta Jacobo Cuetarak, Bidasoa Irunen entrenatzaileak, tratua egin dute, asteazkenero, Amenabar taldeko zenbait jokalari Irunera joan daitezen.

Asteazken honetan, Eneko Goenaga jokalariak izan du esperientzia probatzeko aukera, eta bera bezalako jokalari gazteentzat "oso aukera ona" dela adierazi du. "Azkenean, gu baino maila handiagoa daukaten jokalariengandik asko ikas dezakegu". Goenagaz gain, datorren asten Andoni Zubeldia eta Alberto Agirrezabala ere joango dira Irunera.

 

Aialaren hitzarmena, mantsoago

Juanan Urdangarinek, Zarauzko Eskubaloiko lehendakariak, azaldu du Aiala taldearekin antzeko zerbait egiteko asmotan dabiltzala. "Bera Bera taldearekin kontaktuak eginak daude, baina prozesua mantso doa". Donostiako taldearen aurreko sasoiko entrenatzailea ez zela ekimenaren aldekoa adierazi du, eta zuzendaritza talde berriarekin biltzen dabiltzala, proiektua aurrera ahal izateko.