Lau goleko aldearekin irabazi zion Amenabarrek Sant Marti Adrianenc taldeari Aritzbatalde kiroldegian jokatutako partidan. Denboraldiko hirugarren norgehiagoka izan zen Zarauzko taldearentzat, eta aste honetakoa izan da oraingoz eskuratutako lehen garaipena. Larunbateko partidaren ostean, bederatzigarren postuan daude zarauztarrak gizonezkoen Zilarrezko Ligan, nahiz eta oraindik, partida gutxi jokatu dituztenez, puntu berdinketa ugari egon.
Bi taldeen arteko berdinketa izan zen nagusi lehen zatian zehar larunbateko partidan. Aldageletara, ordea, lau goleko aldearekin irabazten joan ziren zarauztarrak (12-8), lehenengo zatiaren azken minutuetan abantaila irabazita. Alde horri eutsi ahal izan zieten bigarren zati osoan zehar, eta azkenean, 28-24ko markagailuarekin amaitu zen norgehiagoka. Partidako golegile nagusiak Mikel Amilibia (bederatzi gol) eta Eneko Goenaga (zortzi gol) jokalari gazteak izan ziren.
Hurrengo jardunaldian Kantabriara bidaiatuko dute Amenabarrekoek, bertan, Santoñaren aurka jokatzeko.
Honako lotura honetan daude ikusgai Luis Epeldek partidan ateratako argazki guztiak.
Aialaren porrota
BM Loyolaren aurka gol bakarreko aldeagatik galdu zuten Aialakoek Iruñean. Oso gertutik jarraika izan zituzten arren, partida osoan zehar aurretik izan ziren zarauztarrak, baina bigarren zatiaren azken minutuetan etxekoek gaina hartzea lortu zuten.
Zilarrezko mailako B taldeko zazpigarren postuan daude, honenbestez, Aiala taldekoak. Datorrena bosgarren jardunaldia izango dute, eta berriro ere etxetik kanpo, Ermuan, jokatuko dute, Errotabarriren aurka.